
Idatz & Mintz aldizkariaren 62. zenbakia atera berri du Labayru Fundazioak. Zenbaki honetan, sorkuntza arloan, honako aportazio literarioak inprimatu dituzte: Miren Agur Meaberen Gogoetak, Iratxe Ormatza Imatzen Izterretik narrazioa, Amaia Iturbideren Pintzelkadak abarrez abar, ubidez ubide izeneko olerkiak, eta Eneko Urizarren Olerkiak.
Ahozko literaturaren arloan, Jabier Kaltzakortak gure ahozko tradizioan ezagunak diren beste batzuekin konparazioa eginez, XIX. mendeko Bizkaiko bi bertso-sail izeneko lana plazaratu du. Eta Xabier Bovedak literatura unibertsala hurreratzeko William Butler Yeats idazlearen aitamena egin du testu hautuekin batera.
Amaitzeko, saio moduko bi ere plazaratu ditu Labayruk azken ale honetan: Sebas Gartzia Trujilloren Euskal historiak (istorioak) literaturakoak eta Kepa Altonagaren Errementari ala zesteru? Pilotari ala idazle? izeneko artikulua.
Irakurgai mota asko, irakurleen gustuak asetzeko.