ARTEA

Musika Bulegoaren egitasmoak eta jarduera berriak

Musika Bulegoa Euskal Herrian musikaren inguruan sortutako kultura-proiektua da, musika-jardunaren inguruan bildutako eragile publiko eta pribatuen topaketaren eta lan partekatuaren emaitza.  Gaur, Bilboko Kafe Antzokian urtebeteko lanaren balantzea egin dute Myriam Miranda Musika Bulegoko bozeramaileak eta Jabiertxo Andiarena Idazkaritza Teknikoko koordinatzaileak,  eta oso balantze positiboa dela adierazi dute.

Izan ere, duela urtebete abiatu zen proiektu hau, eta tarte horretan hainbat jarduera trinko burutu du Euskal Herriko Musika Bulegoak. “Egitasmoa finkatu da, sendotu da”, adierazi du Musika Bulegoko bozeramaileak  eta  kanpora begira, “hainbat ekintza abiarazi eta garatu ditugu” gehitu du. Bulegoak  prestakuntzan, sentsibilizazioan eta zabalkundean egin ditu senperrenak, beti ere  Euskal Herriko musika-esparruko eragileen arteko etengabeko “elkarlanaren, topaketaren eta sektore-elkarrizketaren esparruan”.  
Joan den urtean, 2015ean, Adi, gure musikari, adi kanpainan aritu ziren buru-belarri 40 jarduera inguru antolatuz: hitzaldi musikatuak, kontzertu didaktikoak, mahai-inguruak, prestakuntza tailerrak eta abar.

Balantzeaz gain, ekainaren 21ean Musikaren Europako Eguna izango da eta horren harira  Miren Amuriza bertsolariak idatzitako Musika Ezkutatu Zenekoa manifestua aurkeztu dute eta bertan pantailaratu da hitz horiekin eginiko bideoa ederra.

Hemendik aurrera ere lan egiteko gogoz daudela adierazi dute, eta horren adibide da 2016ko Proiektu Poltsa egitasmoa. Horren helburua “sektorearekin lankidetza jorratzeko erak ugaltzea eta Musika Bulegoaren jarduera nagusiarekin bat datozen proposamenak indartzea” izango da.

Azkenik primizia baten berri eman dute. Aurten lehen Musika Bulegoa Sariak abiatuko dira Euskal Herrian sortu eta ekoitzitako musikaren kalitatea aitortzeko, horri balioa emateko eta gizartearen aurrean ikustarazteko.  Musika Bulegoko ordezkarien hitzetan, “sariak integratzaileak, irekiak eta pluralak izango dira”.

Musika Bulegoak dituen egitasmoen berri eduki nahi baduzue, egin klik hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button