EZLEKUBAT

Macbeth, handinahia eta klasikoak

Aurrekoan “MacBeth” ikusteko aukera izan nuen Arriaga antzokian. Obra Helena Pimentaren zuzendaritzapean, Lur antzerki konpainiak aurkezten zuen, Madrilgo behe-ahotsen abesbatzaren parte-hartzearekin. Shakespearen obraren moldaketa honetan, antzerkia bideo proiekzioekin konbinatzen zen, eta oso interesgarria iruditu zitzaidan lortzen zen estetika, aipatu beharrekoa delarik  ere aktore zein kantariek eginiko lan ona.

Baina gaurkoan nire asmoa ez da antzezlanaren kritika egitea (ez bainaiz horretan aditua), baizik eta “MacBeth”-ek planteatzen digun gai baten inguruko gogoeta egitea: handinahia, hain zuzen ere.

Obra ikusten nengoela, ezin nion utzi pentsatzeari Shakespearek tragedia hau 1606 urte aldera idatzi zuen, eta hala ere, gaur egun gaurkotasuna izaten jarraitzen duela. Handinahia nonahi agertzen da. Egunkarien azal eta orrialdetan, hainbat eta hainbat enpresari eta politikarien handinahiaren adibideak aurki ditzakegu egunero, handinahia sustrai duten korrupzio kasuak ohiko berri bilakatu direlarik.

Handinahia, printzipioz, ez da zertan txarra izan behar. Are gehiago, norbere buruaren garapenarako funtzeskoa deritzot.  Arazoa, handinahi hau neurrigabea bilakatzen denean sortzen da, desiatzen ditugun gauzak lortzeko edozer egiteko prest gaudenean, besteak mintzeraino, traditzeraino ere hel gaitezkeenean.


Macbeth andrea.

Baina handinahi neurrigabez lorturikoak, ez dakar pozik, eta MacBeth senar emazteei gertatzen zaien bezala, ez digu bakerik emango. MacBeth andreak ondo ikasi zuen hori, obraren puntu batean zera baitio: “Ez dago ezer, dana da galdurik, gure guraria pozbage lortu ba’dagigu: guk banatu/suntsitu genuena izatea hobe da, banatuta bada-ezpadako poza izan baño”.  Zergatik? Ba beste pertsonei egiten dieguna, geure buruari ere egiten diogulako. Aristotelesek ere ondo zekien hori geure ekintzen bidez geure buruak egiten ditugula, geure buruen ethos edo bigarren natura sortzen dugula ziohenean; horrela, lapurtzen duena lapur bihurtzen da, traditzen duena traditore e.a. Laburbilduz, Dorian Grayren erretratu bihurtzen ditugu geure buruak. Eta horrela ezin inoiz zoriontsu izan. Zeren inkonzienteki bada ere (psikoanalistek dioten bezala arrazionalki geure buruak justifikatzeko mekanismo ugari baitauzka geure psikeak), beti jakingo dugu gaizki egin dugula. Eta pilula, alkohol edo beste edozein adikziorekin estaltzen saiatzen bagara ere, ezingo diogu ihes egin geure buruei. Shilingo torturatzaile argentidarraren aitormena, horren adibide argia da.

Gaizkia eta ongia existitzen dira, ez dira gaur egun askok defendatzen duten bezain erlatiboak. Eta gizakiok badakigu noiz jokatu dugun ondo eta noiz ez. Beraz baliteke, Sokrate eta Platonek arrazoia izatea, gaizki jokatzen dutenak gaizkiletzat jo beharrean, ezjakintzat jotzean; ez baitakite beraien buruei egiten dieten kaltea.

Macbeth sorginen aurrean

Eta obra bukatzerakoan, beste pentsamendu batek asaldatu ninduen, alegia: gizakion izaera Shakespeare, ala Sokrate eta Platonen garaitik, ez dela funtsean asko aldatu. Pasio berberek mugitzen gaituzte, beldur eta ahulezia berberak dauzkagu, nahi, amets , esperantza eta desio berberak… Egia da zientifikoki eta teknologikoki bilakaera itzela izan duela gure gizarteak, baina geure psikearen egiturak, oinarrian, berdin darrai. Horregatik oso ariketa onuragarria da, noizean behin klasikoetara itzultzea: gizakiak zer garen ezagutzeko eta gure orainaldia hobeto ulertzeko. Zentzu honetan, euskal klasiko baten ondoko poesia hau datorkit burura, ene ustez, gaurkotasun osoz jantzia:

GIZONAREN AHOA  


Ez zazue tapa

gizonaren ahoa.

Defendi dadin.

Hainbeste bidegabe

egin zaio

azken ehun mila urte honetan…

Orain, 

besoak

indar-gabeturik ditu,

burua erdi-bitan;

ez diozue

kopetan adarrik ernatzen

utzi;

ebaki dizkiozue

eskuak,

ez dezan

ezpatarik astin.

Hor datza. 

Ezin defendi diteke

indarrez.

Bakar-bakar-bakarrikan

geratzen zaio

hitza.

Baina ez zazue,

baina ez zazue,

baina ez zazue,

ez zazue tapa

gizonaren ahoa.

Hitzaz

balia dadin,

hitzaz

zerbitza dadin.

Honela konpreni

dezazuen

zertarako

jaiotzen den

mundura.

Ez,

ez zazue tapa

gizonaren ahoa


. © Gabriel Aresti

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button