IKUS-ENTZUN

Euspot, III. euskarazko spot lehiaketa

Aretxabaletako Udala, Mondragon Unibertsitatea, Kontseilua eta Arteman Komunikazioa Koop. Elkarteak sustatzen duten lehiaketaren helburua euskarazko sormena bultzatzeaz gain, arlo guztietara euskararen erabilera hedatzea da. Aurten egingo da hirugarren edizioa Pintxo potea eta euskara lemapean. Ekimena bihar aurkeztuko da Aretxabaletan.

Euspot lehiaketa bi helbururekin sortu zen 2012an: hutsune bat betetzea ikus-entzunezkoen eta euskararen sorkuntzaren arloan, eta bestetik, euskararen erabilera bultzatzea esparru guztietara. Hain justu ere, lehiaketan parte hartuko duten spot horiek herritarren arteko ahozko harremanetan euskararen erabilera sustatu beharko dute. Hori dela eta, aurten ere 16 urtetik gorakoek aukera izango dute lehiaketan parte-hartzeko, eta horretarako harremanak sustatu dira zenbait ikastola eta eskolarekin.

2013ko lehiaketak arrakasta dotorea izan zuen. Guztira 22 lan aurkeztu ziren, Euskal Herriko toki askotatik aurkeztutakoak guztiak ere. Eta irabazlea La Piel antzerki taldeko Iruñeko Markos Goikolea izan zen.

Maiatzaren 15ean egingo den sari banaketa ekitaldia zuzenean grabatuko da eta Goienak, Hamaikak eta Tokikok eskaini ahal izango dute Euskal Herriko toki telebisten sarearen bitartez. Era berean, Kontseilua ere antolatzaileen batzordera sartu da, eta maiatzaren 12tik 16ra komunikazioaren gaineko hitzaldi sorta bat –XXI. mendeko komunikazio arloko euskal profesionala- antolatuko da Aretxabaletan.

Guztira Euspot Lehiaketak 2.250 euro banatuko ditu sarietan: spotik onenak 1.000 euro hartuko ditu; MUko ikasleen spotik onenak, 500 euro; publikoaren saria 500 euro izango da, eta gazteen saria (18 urte beherakoak) 250 euro.

Lehiaketaren oinarriak eta informazio gehiago: http://euspot.eu/lehiaketaren-oinarriak

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button