
Iruñeko Udalak antolatutako Antzerki Aroa zikloaren udazkeneko edizioan euskarazko lau antzezlan taularatuko dira urriaren 27tik azaroaren 22ra bitartean. Emanaldiak Nafarroako Antzerki Eskolan antolatu dira.
Lehen saioa 27rako programaturik dago, baina, zikloari ekin aurretik, euskara ikasleei zuzendutako emanaldi berezi bat egongo da urriaren 25ean, eta bertan programazio osoa ere aurkeztuko da. Lan hori Amaia Bonok ekarriko du: Belarri Prest. Nire lehenengo sortzelana euskaraz. Gasteizko Udalak, Euskara eta Gazteria zerbitzuen eta Arabako Foru Aldundiaren bidez, Gazte Sortzaileak deialdia egiten du. Ekimen hori 16 eta 35 urte artekoei zuzendutako euskarazko sorkuntza-beka da. Bada, 2022an beka eskuratu duten sortzaileen izenen artean Amaia Bono zegoen, Belarriprest. Nire lehen sortzelana euskaraz lanarekin.
Baina diogun moduan, urriaren 27an, Metrokoadroka taldeak zabalduko du zikloa Zeozertan dabil baina ez dakit zertan lanarekin. Marina Suarezek eta Oier Guillanek zuzenduriko pieza familia eredu ez ohikoei buruzko sitcom poetikoa da. Oholtza gainean Edurne Azkarate, Maite Aizpurua eta Javier Barandiaran izango dira. “Etxe bat, edozein etxe. Egongela bat, edozein egongela. Hiru lagun, elkarri galdezka: “Gu familia bat gara?”. Antzezlana hasi eta ikusleak ez du argi izango zein den hiru pertsonaien arteko harremana, baina bere ekintzen harira joango da deskubritzen hiruko honek ezkutatzen duena. Hari horretan, familiari loturiko galderek, kontraesanek eta umorezko zirtoek zeharkatuko dute antzezlana.” Helburua honako hau da: jendeak gertukoa sentituko duen antzezlan bat egitea, edonork bere egin dezakeen gai batean oinarritua, era berean estetika aldetik esperimentatuz eta arriskuak hartuz.
Azaroaren 8an, Itziar Maneroren Memoria antzezlanaren txanda izango da. Astebete beranduago, azaroaren 15ean, Mairu Antzerki Taldeak Intxaurra pieza taularatuko du. Eta zikloari amaiera emateko, La Cuerda Teatrok Euli dantza komedia eskainiko du azaroaren 22an.