MUSIKA

Vulk, “Kooltur Ostegunak” egitarauren baitan

Bilboko Vulk taldeak Arrasateko gaztetxean egin ohi den Kooltur Ostegunak egitarauaren baitan joko du gaur. Laukotea egun lan berria prestatzen ari da, baina iaz estreinako lan luzea plazaratu zuen, Beat Kamerlanden, zeinak sekulako kritikak jaso dituen. Zuzenean, gainera, itzelak dira bilbotarrak.

Vulk bandak 1980ko hamarkadako Britainia Handiko eta AEBetako post-punketik edaten du. Julen Azpitarte kazetariak hauxe azaldu zuen Berria egunkarian Beat Kamerlanden lanaren harira: “(…) laukoteak nortasun handiko post-punk giro lanbrotsuetan eraikitako diskotzarra plazaratu baitu; batzuetan, erritmo dantzagarriak josiz, beste batzuetan, berriz, joera esperimentala erakutsiz. Vulkek, gainera, Joy Divisionen itzal zamatsua baztertzen jakin du, eta, hautu horren ondorioz, taldearen nortasuna irmoago eta pluralago azalarazi da grabazio honetan: Mission of Burma, Gang of Four, The Fall, Pixies eta Dischord diskoetxeko talde iragankorren zertzeladak sumatu ditut nik. Bandcampek eskainitako entzunaldiak ja kiskali ditut; beraz, LPa erostea baino ez dut”.

Hans Krüger teknikariak zuzendutako Montreal estudioetan grabatu du Vulkek Beat Kamerlanden. Masterizazioa, berriz, Cadizfornia estudioetan egin dute bilbotarrek. Disko luzearen aurretik, bi kantu biltzen dituen Zaldia Burning (2015) eta No longer great deal (2016) sei kantuko EPa argitaratu dituzte. Biak ala biak entzungai daude taldearen bandcamp webgunean.

Kooltur Ostegunak egitarauaren baitan, hil honetan, izango diren beste hiru hitzorduak hauexek dira: hilaren 8an, Audience; 15ean, Mockers; eta, azkenik, 22an, Kataluniako Crim.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button