
Bilboko Udalak banda eta bakarlari gazteentzako Villasoundbilbao musika jaialdiaren bigarren edizioan izena emateko epea zabaldu du. Ekimenaren helburua musikaren alorrean nabarmentzen ari diren gazteak sustatu eta bultzatzea da.
Epaimahaiak (Iker Barbara, Lorea Argarate, Bikendi Cadelo, Mª Jose Aranguren eta Jon Hervás osatuta) Bilborocken lau kontzertutan parte hartuko duten hamabi talde hautatuko ditu, eta horietarik sei aukeratuko dira prestakuntza-programa batean parte hartzeko. Azkenik, batek kontzertu bana emango du Estatuko 4 hiritan.
Parte hartu ahal izateko, bandako kideek edo bakarlariek 16 eta 30 urte bitartean izan behar dute, eta Euskal Autonomia Erkidegokoak edo Nafarroakoak izan behar dute. Gainera, edozein musika mota aurkeztu ahalko da (rocka, popa, metala, trapa, elektronikoa, folka, kantautore-musika…), eta horien arteko fusioak ere bai. Epaimahaiak aintzat hartuko du taldeetan emakumeak egotea eta euskarazko sorkuntzak egitea.
Ekimenean parte hartu nahi dutenek beren lanak aurkeztu ahalko dituzte urtarrilaren 31ra bitartean, www.bilbao.eus/bilborock helbidean. 2022ko otsail eta martxo artean jakinaraziko dituzte hautatutako taldeak.