BERTSOTAN

Manex Agirre da Arabako txapeldun berria

Larunbatean, 17:30ean hasi zen bertsoaren festa Gasteizen. Printzipal aretoa 800 lagunek baino gehiagok bete zuten. Idoia Beitia gai-jartzailearen esanetara aritu ziren Manex Agirre (626 puntu), Asier Otamendi (610,5 p.), Oihane Perea (413 p.), Ander Solozabal (401,5 p.), Iñaki Viñaspre (392,5 p.) eta Zigor Enbeita (390 p.).

Agirrek irabazi zuen bertsolarien arteko guda. Saioa oso umoretsua eta arina izan zen, nahiz eta tarteka akats teknikoak izan ziren. Ander Solozabalek, saio dotorearekin estreinatu zuen Printzipaleko oholtza.
Zortziko txikian hasi zen bertsolarien jarduna algara garraiatzen. Enbeita eta Solozabalek berotutakoa, Otamendi eta Agirreren ateraldiek lehertu zuten.
Hamarreko txikian osatutako ofizioek margotu zuten irri gehien zaleen artean. Finaleko bertso aldirik txalotuena eta algaratsuena Solozabalek Agirrerekin egindakoa izan zen.
Bakarkako lanetan ere ale politak entzun ziren. Otamendiren erregulartasunak buruz burukoan sailkatzea ekarri zion. Perea, Solozabal, Viñaspre eta Enbeitak lan txukuna egin zuten, baina epaileen iritziz Otamendi eta Agirre ibili ziren koska bat gorago.

Buruz burukoan bereganatu zuen txapela Agirrek. Seiko motzean hiruna bertso bota zituzten. Ondoren, kartzelako lana osatu behar izan zuten, ispiluari begira burua desberdin ikusten zuten pertsonaren larruan.

Antolatzaileen hitzetan inoizko finalik jendetsuena izan da aurtengoa. Sarrerak agortu egin ziren, eta bertsozale bat edo beste kalean geratu zen. Iñaki Murua, Bertsozale elkarteko lehendakari, eta Blanca Gomez de Segura artisauaren eskutik eskuratu zuen txapela eta oroigarria. Txapela, familiari eta kartzelan 30 urte preso daramatzan Jon Agirre preso aramaioarrari eskaini zion.

Haizea Pastor argazkilariaren irudian ikus dezakezue irabazlea.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button