
Afonia izeneko albumarekin Unai Ruiz eta Naroa Martínez egileek 2026ko Etxepare saria irabazi dute. Aitziber Akerreta ilustratzaileak, Idoia Sobrino liburuzainak eta Patxi Zubizarreta idazleak osaturiko epaimahaiak hala erabaki dute, eta ondorioz, 5.000 euroko saria eskuratu dute. Saritutako lana Nafarroako Pamiela argitaletxeak argitaratuko du, euskaraz, 2026ko udazkenean.
Hona hemen album berriaren nondik norakoak: “Isiltzen ari den ahotsa baina, adi erreparatuz gero, oraindik ere entzuten dena; horra zer den afonia. Eta horra istorio honek kontatzen diguna: ezkila jotze bat, klon-klon, eta bertze bat, klap-klap, urrunean aldiz, kulun-kulun… Entzuten ditugu kanpaien hotsak? Aitonak ilobari kontatzekoak zizkion soinu bakoitzaren erranahiak, baina haren ahotsa oihartzun bilakatuta, amonaren eta lagunen bitartez iristen dira orain notiziak. Tradizioaren aztarnei segika, istorioak dolua du oinarri; galtzen ari garen horren pena zeharkatzen du ipuinak, baina aldi berean, memoriaren bitartez oraindik ere ondoan dugunaren aldeko aldarria izan nahi du. Ezer ez da galtzen norbaitek oraindik oroitzen badu, eta ezkila-jotzeek bizirik diraute, aitonaren transmisioari eta tradizioari eutsi nahi dion ilobari esker. Erabilitako hizkuntza, onomatopeiak, errepikapenak… ezkilen sokari segika bezala irakurtzen den ipuina dugu esku artean. Hitz sotilak, pausatuak, patxadaz irakurtzekoak.
Bestalde, irudiek maite dugun norbaiten heriotzak eragiten duen hutsunea eta etsipena intentsitate handiz sentiarazten dute. Horretarako, liburua kolore eta irudi soilek osatzen dute; ilunak, orokorrak detaile txikiei baino, egoera eta istanteari erreparatzen diotenak. Izan ere, atmosfera lasai eta xamurra sortzen dute, baina, aldi berean, tristea, gordina eta isila. Eta isiltasun horretan, hain zuzen ere, aitonak utzitako ezkilak entzuteko gogoa eta beharra ageri da, doluaren isiltasun bera apurtuko duen soinua”.



