LITERATURA

Literatur ekoizpenean dagoen genero berdintasunaz

Emakumearen Nazioarteko Egunarekin bat etorriz, Bidebarrieta Kulturgunearen Eztabaidak literaturarekin programak Laura Freixas eta Anna Caballé idazleak bilduko ditu bihar, literatur ekoizpenean dagoen genero berdintasunaz jarduteko. Arantxa Urretabizkaia idazleak moderatuko duen hitzordua 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan.

Gonbidaturiko emakume idazleek “begirada emango diote, idaztea eta, batez ere argitaratzea, emakumeentzat zein zaila izan den argi eta garbi erakusten duen historiari”. Hori abiapuntutzat hartuta literatur sistemaren barruan emakumeak une honetan duen egoera azaltzen ahaleginduko dira, eta era berean, “emakume izateak idazten den horretan duen eragina, testu anonimo batean emakumearen eskua ikus daitekeen ala ez, ezarritako kanonak eta irakurleen gustuak eta euren sexu bereko idazleek idatzitakoa nahiago duten ala ez”.

Laura Freixas (Bartzelona, 1958) editore, literatur kritikari eta itzultzailea zuzenbidean lizentziatu zen 1980an, baina idaztea izan da beti bere lanbidea. 1988an El asesino en la muñeca kontakizun bildumarekin ospea lortu zuen. 1997an, Último domingo en Londres lehenengo eleberria argitaratu zuen, eta bere azken liburua Una vida subterránea. Diario 1991-1994 (2013) izan da. Bestalde, lan handia egin du emakumeek idatzitako literaturaren aztertzaile eta sustatzaile gisa. 2000. urtean Literatura y mujeres saiakera lan garrantzitsua argitaratu zuen. Anna Caballé, bere aldetik, Espainiar Literatura irakasle titularra da Bartzelonako Unibertsitatean, eta Azterlan Biografikoen Unitateko, DGICYT-ek (Hezkuntza eta Zientzia Ministerioa) finantzatzen duen  ikerketa zentroko arduraduna. 2009an Gazel saria irabazi zuen Una mujer en fuga liburuarekin. 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button