ESZENA

“Udako Ola” programa, Loraldia Kultur Elkartearen eskutik

Loraldia Kultur Elkarteak Udako Ola sormen-egonaldia burutuko du Lekeition, ekainaren 27tik uztailaren 3ra bitartean. Hainbat gaztek diziplina anitzetan esperimentatzeko aukera izango dute profesionalen laguntzarekin.

Ekimenaren  helburuak “gazte-sormena sustatzea da, gazteei profesionalizatzeko bidean laguntzea, formazioa eta plaza eskainiz, elkarteak berezko dituen baloreak sustatzea, kultur aniztasuna islatzea eta diziplina aniztasuna, sormen-egonaldiak eskaintzea eta gazteen harremanak euskaraz sustatzea.”

Sei eguneko egonaldi kultural horretan 18-25 urte bitarteko 15 gaztek hartuko dute parte, eta horiei formakuntza tailerrak eskainiko zaizkie egunero, lau arlotan egituratuta: hitza, soinua, irudia eta gorputza, eta gainera, sortzaile profesionalek gidatuko dituzte saio horiek, besteak beste: Patxo Telleria, Iratxe Fresneda, Itsaso Arrieta, Asisko Urmeneta edota Natalia Monge.

Ekimen horren bidez, gazteek aukera izango dute “kultur-erreferenteak zuzenean ezagutzeko, transmisioa lantzeko eta bakoitzaren alor zehatzaren inguruko edukiak jasotzeko”. Egun horien buruan, gazteek sormen batean lan egingo dute eta azken egunean Lekeitioko herriaren aurrean erakutsiko dute, Ander Lipusek zuzenduta.

Hortaz, ekainaren 27a eta uztailaren 2a bitartean, egunero-egunero kultur ekintza ezberdinak izango dira Lekeition, Loraldia Kultur Elkarteak antolatuta.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.