
Txomin Badiola artistak Capitalismo Anal Capitalism izenburuko erakusketa inauguratuko du larunbatean, otsailak 1, egun Madrilen dagoen Moises Perez de Albeniz galerian.
Erakusketaren harira, Peio Agirrek idatzi duen testuaren arabera, Entelequia obra hesi baten antzera agertzen da, eta dimentsio handietako espazioa artikulatzen du: testu mintzatu bat proiektatzen du.
Obra hori Primer Proforma 2010 egitasmoaren baitan aurkeztu zuen; bertan, bi testu hainbat hizkuntzetara itzuli ziren, testuok erabat galdu arte. Gero, ariketan parte hartu zutenek irakurri zituzten.
Bigarren obra-bilduma Capitalismo Anal izenburupean jaso du eskultore euskaldunak: egungo kulturan bizi dugun kapitalismoaren, erlijioaren eta gorotzaren arteko “anaitasunezko” harremana jorratu du. Lan horietan, erreferentzia-esparru horrekin lotura duten esaldi-segida bat zulatu zuen eraikuntza metaliko batzuetan.
Aipatutako erreferentzia-marko horren harira, Badiolak hainbat autoreren testuak bildu ditu erakusketaren posterraren atzean, testu luze hori Robert Anton Wilsonen aipu batekin hasten da: “Irakurleak sinbolismo surrealista egiten ari naizela lepora diezadake, bai eta buru zikina eta umore perbertitua ditudala ere, baina nire ustez, komuna da kapitalismoaren inguruko azterketa bat hasteko tokirik onena”.