
Munduko Arrozak kulturen arteko eta jai giroko gastronomia lehiaketa bihar egingo dute Bilbon, Iruñean, Donostian eta Durangon. Ekimen honen lehendabiziko hitzordua hilaren 4an izan zen Irurtzunen.
Bilbon, San Frantzisko auzoan egingo dute; Iruñean, San Jose Plazan; Donostian, Alde Zaharrean (Trinitate Plaza), eta Durangon, Ezkurdi Plazan. Horrez gain, etzi, Bilboko Otxarkoaga auzoko Ugarte Plazan ere jarraipena izango du.
Munduko Arrozen webgunean jasotzen denez, “2004. urtean Bilboko San Frantzisko auzoan sortutako herri ekimen bat da, non guzti hau batzen den: festa eta errebindikazioa, auzoen eta auzokoekiko utzikeriaren salaketa; bere eraginik ezagatik erakundeei ematen zaien abisua; kulturen nahasketaren aldeko desafioa; kultura eta pertsona ezberdinen arteko aberastasunari baietza; giza bizitzako baldintzak hobetzearen aldeko deiadarra; bat-bateko parte hartzeari irekitako eremua; autogestioa; sarean egiten den lana; herri ekimenari bultzada”.
Ekimena, gainera, beste udalerri batzuetatik ere igaroko uda honetan. Hala, ekainaren 25en Gernikako Pasealekuan izango da, eta uztailaren 2an Gasteizko Alde Zaharrean (Bueno Monreal kalea).