ARTEA

Tradizioa eta garaikidetasuna uztartzeko ahalegina

HAU. Euskal Herriko objektu tradizionalen diseinu lehiaketaren zazpigarren edizioa izan da aurtengoa, eta gaztainak erretzeko tresna izan da edizio honetan aukeratutako objektua.

Lehiaketa honen xedea euskal kulturako objektu tradizional bat gaurkotzea da. Batetik, deialdiak “gure tradizioaren inguruko ikerketa sustatzen du, usadioak eta ohiturak ezagutu eta berreskuratzeko; bestetik, objektu tradizionalak egokitu, berritu eta berrinterpretatzea bultzatzen du, diseinu garaikidearen begiradatik. Horrela, gure historiarekin lotura berriak sortzen dira, baita diseinu alorrean ikerketa-ildoak urratu eta ekintza-eremuak zabaldu ere”.

Deialdi honetan 24 proiektu aurkeztu dira, eta guztien artean, Marta Loidi Urquizuk sortutako Dinak proposamena izan da irabazlea (2.000 euroko saria jasoko du). Hau izan da epaimahaiaren balorazioa: “DINAK proiektuak trebetasunez eta sentikortasunez uztartzen ditu objektuaren alderdi funtzionalak eta formalak. Gaztainak erretzeko tresna bizitza modernora egokitzen jakin du, produktu moldakorra, ez urtarokoa, proposatuz, eta merkatuan sartzeko bideragarria dena. Ondo osatutako memoriak produktua eta haren erabilerak aztertu eta deskribatzen ditu”.
Aipamen berezia lortu duen beste proiektu bat, “originalena delako, eskultura-balioa duelako eta pieza artistiko bati erabilera funtzionala ematen jakin duelako” Sergio Peñaren Zesta izan da.

Irailera bitartean, San Telmo Museoan jarritako erakusketan izango da ikusgai sariduna, bai eta beste lan batzuk ere.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button