ESZENA

Sarrionandiaren poesia eta dantza uztartuko dituzte Lekeitioko Kale Antzerki Jaialdian

Dantzaz Konpainiak ikuskizun berezia ondu du Lekeitioko Nazioarteko Kale-Antzerki jaialdirako. Sarritsasoa izenburupean, Joseba Sarrionandiaren olerki musikatuak dantzarako oinarri hartu dituzte. Ikuskizuna uztailaren 8an eta 9an ikusi ahal izango da Lekeitioko Isuntza hondartzan; konpainiaren eta jaialdiaren arteko lankidetzaren emaitza da.

Josu Mujikak zuzenduko du obra eta Ruper Ordorika, Mikel Laboa, Audience, Ken Zazpi, Jabier Muguruza eta Deabruak Teilatuan taldeak egindako musikarekin jantziko dute.

Sarritsasoa lanak hiru zutabe izango ditu: dantza garaikidea, Sarrionandiaren olerki musikatuak eta Isuntzako hondartza bera. Hiru osagai horiek osatzen dute ikuskizuna.

Dantzaz konpainiako dantzariak Euskal Herriaz kanpokoak dira, Frantzia, Belgika, Katalunia, Italia, Txekia eta Portugalgoak, hain zuzen ere, eta ez dute Sarrionandia ezagutzen. Inprobisaziotik sortutako dantza egiturekin osatu dute obra.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button