MUSIKA

The Uski’s taldearen rock-and-roll “erraz eta alaia”

The Uski’s talde bizkaitarrak bosgarren lan homonimoa argitaratu du gaur goizean, Bilbon. Aurkezpen-ekitaldian Oier eta Anartz Laka musikariek parte hartu dute, Baga Biga diskoetxeko ordezkari Ritxi Aizpururekin batera.

Disko berriak dozena bat kantu biltzen ditu, Jose Lastra teknikariak ekoitziak, Tio Pete estudioan. “Lastraren lana ikaragarria izan da, ekoizle lan itzela egin du”, azaldu du Anartzek. Estudioan zuzenekoaren espiritua jaso nahi izan du boskoteak. “Kantu errazak dira, itsaskorrak, eta denon artean grabatu nahi izan ditugu, zuzeneko espiritua bilduta gera zedin”, nabarmendu du Oierrek.

Sonoritatearen harira, lan “kañeroagoa” dela azpimarratu dute bi anaia musikariek. “Kaña hori momentuaren isla da; ez da hautu estilistikoa, horrela atera baita”, esan du Oierrek. “Bai, kantuak inoiz baino gordinagoak dira, zikinagoak, baita hitzen aldetik ere”, gaineratu du Anartzek.

Hala, diskoan rock gogorra, soul beltza, garage-punk-a eta gitarra indartsuak biltzen dira. Aniztasun hori taldearen izaeraren isla da, hiru taldekidek idazten baitituzte kantuak. “Disko honetan ez dugu elkarrekin aritzeko tarte handirik izan; beraz, kantuak landuta etorri dira etxetik. Hori dela eta, erraz identifika daiteke zeinek idatzi duen kantu bakoitza”.

Askotariko kantu “kañero” berri horiek bizkaitarren ohiko proposamenean gorpuztu dira, alegia, rock-and-roll erraz eta alaian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button