
Ibone Bengoetxea Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotziak eta Alicia Otxandategi BAD-eko zuzendariak urriaren 22an hasiko den BAD Bilboko Nazioarteko Antzerki eta Dantza aurkeztu dute; Bilbo proposamen gazte eta berritzaileenen eszenatoki bilakatuko da urriaren 22tik azaroaren 2ra.
“Aurtengo jaialdiak bi ardatz izango ditu. Alde batetik, euskal sorkuntza berria, horixe indartu nahi baitu BADek, eta horretarako bi lan ekarriko ditugu euskara hutsean. Eta bestetik, nazioarteko programazioa, izan ere, Europan dabiltzan lanik garrantzitsuenak Bilbora ekarriko ditu BADek”, adierazi du Alicia Otxandategi BADeko zuzendariak
BADek aurten hogei bat konpainiaren azken lanak ekarriko ditu, horietatik erdiak euskaldunak, eta talde hauek euren lanak estreinatuko dituzte: Metrokoadroka, Horman Poster, Olatz de Andrés, Khea Ziater eta Naiara Mendioroz eta Javier Murugarren. Guztira 14 estrainaldi izango dira, eta erreferentziazko zenbait artista ikusteko parada ere egongo da.
Horrexegatik, BADek Europa mailako antzerki dokumentaleko lan garrantzitsuenetako bi programatu ditu: Italiako antzerki garaikideko artista garrantzitsuenetako Pippo Delbono italiarraren Racconti di Giugno eta dantzaren berrikuntzan aditu Jérôme Bel dantzari eta koreografoaren Cedric Andrieux.
Kanpotik etorriko den Lagartijas tiradas al sol konpainia mexikarrak Montserrat bakarkako lana aurkeztuko du La Fundiciónen.
Jaialdia urriaren 22an hasiko da, Arriaga Antzokian, 20:00etan, BADek eta Laurentzi Produccionesek ekoiztu duten Cuarteto del Alba lanarekin; obra hori Carlos Gilen idatzi du eta Lander Iglesiasek zuzendu.
Lan horren ostean, programazio potoloa etorriko da, non euskal ekoizpena ere topatuko dugun, tartean, Metrokoadroka & J.B. Pedradasen Salto (euskaraz), Horman Posterren Magia Sinpatikoa dantza-performance eleanitza (euskaraz), Khea Ziaterren Not (never on time) eta Naiara Mendioroz & Javier Murugarrenen Bi – hots lanak.
Eszenaren atalaz gain, BilbaoArtek bideo-sorkuntza sekzioa jasoko du beste urte batez, ZINEBIrekin elkarlanean, dantza eta antzerki garaikidearekin erlazionatutako film laburrak eskaintzeko. Eta ohikoa denez, BAD ere prestakuntzarako eta profesionalen arteko esperientzien trukaketarako lekua izango da aurten ere, eta bertan mahai-inguruak, master class intentsiboak, topalekuak, tailerrak eta hainbat kontu programatu dira.
Ikusgarri bakoitza noiz, non eta zein ordutan hobeto jakiteko, begiratu jaialdiaren webgunean.