Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak Euskal Herriko historia hurbila sustatzeko konpromisoari helduta Tene Mujika bekaren XIX. edizioa abiatu dute. Aurtengo edizioan bekara bideratutako dirulaguntza handitu da: 8.000€ izango dira.
Deialdi honen helburu nagusia da Euskal Herriko historia hurbilarekin zerikusia duten gaiei buruzko euskarazko literatur sorkuntza sustatzea. Hortaz, biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakera, elkarrizketak edo ikerketak onartuko dira. Eduki aldetik, idatziak ezin du fikziozkoa izan, baina garapenean lanketa literarioa egitea posible da. Lanek, noski, orijinalak eta argitaragabeak izan behar dute.
Abenduaren 9ra arte bidali ahal dira proiektuak, eta parte-hartzaile bakoitzak idazlearen curriculum labur bat, proiektuaren deskribapena (3 eta 6 orrialde artekoa) eta 15 eta 20 orrialde arteko lagin bat aurkeztu beharko ditu, posta elektronikoz euskara@deba.eus helbidera.
Sariduna Kristina Berasain, Eneko Bidegain eta Cira Crespok osatutako epaimahaiak erabakiko du, eta epaia 2025eko urtarrilaren 10ean jakinaraziko da. Ohi den moduan, irabazleak urtebeteko epea izango du lan osoa entregatzeko.
Joan den urtean, Mikel Soto idazlek eskuratu zuen beka, Jon Miranderen figurari buruzko lan batekin. Mirande: Herriminez, ezin-minez izenburua izango du Sotok burutu beharreko lanak. Mikel Soto Nolasko (Iruñea, 1978) Historian lizentziaduna da eta editore izan da hainbat urtez. Suak pizten direnean poesia liburua kaleratu zuen 2020an, eta Deabruaren Eskola dibulgazio literarioko proiektu digitalean ere hartzen du parte.
Hemen kontsultatu ahal dituzue oinarriak.