LITERATURA

Tene Mujika Bekak bi ikerketa saritu ditu

Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolaturiko bekak Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko ez-fikziozko proiektuak saritzen ditu, eta aurten ekimenak bi ikerlan sarituko ditu. Batetik, Jon Abrilek emakumeen lanbideei buruzko ikerketa bat egingo du, eta bestetik, Erika Lagomak eta Estitxu Fernandezek amatasunari eta feminismoari buruzko elkarrizketa-sorta bat landuko dute.

Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Elixabete Garmendiak osatutako epaimahaiak bi lani eman die saria “ex-aequo”, eta bitan banatu ordez bikoizteko erabakia hartu du Debako Udalak: 6.000 euro irabazle bakoitzarentzat.
Orain urtebeteko epea izango dute irabazleek lana burutzeko, eta 2022an liburu gisa plazaratuko ditu Elkar argitaletxeak.

Erika Lagoma Pombar (Lesaka, 1981) eta Estitxu Fernandez Maritxalar (Lesaka, 1975) bikoteak “amatasun disidente eta feministak erakutsi nahi dituzten elkarrizketa-sorta bat” onduko dute. “Amaren irudi patriarkal estereotipatuaz gaindi, eta superwoman-en amatasun neoliberaletik urruti, egungo sistema zalantzan jarri nahi duten ama izateko modu desberdinak: askotarikoak, errebeldeak, kontraesanei uko egiten ez dietenak. Hamaika bizipen, hamaika praktika, hamaika esperientzia. Eta horien ondoan, beren aitatasuna feminismotik bizi nahi duten bi gizonezkoren kasuak”.

Jon Abril Olaetxeak (Bera, 1975) Euskal Herrian barna emakumeek izan dituzten lanbideen erakuspen zabal bat eskainiko du Ezkutatutako eskuak: emakume langileak gerra ondoko Euskal Herrian proiektuarekin. Lan horretan hamaika lanbide erakutsiko ditu gure geografian zehar: “meatzariak Gallartan, galletagileak Bilbon, kontserbagileak Ondarroan eta Lodosan, metalurgiakoak Gasteizen, ehungintzakoak Bergaran, zigarrogileak Donostian, portuko langileak Pasaian, paper-fabrikakoak Atarrabian, neskameak Lapurdiko kostan, Seaskako lehenengo irakasleak Iparraldean, espartingileak Zuberoan”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ACEPTAR
Aviso de cookies