ESZENA

Suizidioaren tabuaz

Cia Barsanti kale antzerkiko konpainiak Akabo! kale ikuskizuna estreinatu zuen Leioako Umore Azokan, bi bertsiotan: euskaraz eta gaztelaniaz. Horren ostean bira eder bat egingo du Euskal Herriko hainbat toko bisitatuz. Datorren astelehenean, ekainak 27 Sopelan izango dira, eta 30ean Zarautzen. Uztailean Errenteria, Durango, Zaldibar, Lekeitio, Berriz, Andoain,….bisitatuko ditu.

Oraingo honetan, Cia Barsanti konpainiak gai potolo bat aztertuko du: suizidioa. Urte askotan tabua izan da suizidioa eta, oraindik ere, hala da, jasan duen estigmatizazioaren ondorioz, batez ere, Eliza Katolikoaren eskutik. Suizidioa da, zoramenarekin batera, gizartean eta norbanako gisa dagoen tabu handienetako bat. Zoramena eta suizidioa, hala ere, ez daude hertsiki lotuta, nahiz eta sarritan hori sinestarazten saiatzen diren.

Taldekideek beren antzerki-sorkuntzetan gizarte-gaiak jorratzeko beharrizana sentitu dute beti, baina umorea erabiliz, askotan umore absurdoa. “Umoretik gai askotaz hitz egin daitekeelako, beti ere errespetuz eta zintzotasunez egiten bada”.

Kale-antzerkiko ikuskizuna hasiko da plaza batean. Artistek hasiera emango diote ikuskizunari, eta, hasi eta gutxira, antzezlana egiten ari diren lekuaren inguruan, auzokide bat altuera batera igo eta bere buruaz beste egiteko mehatxua azalduko du. Azpian bilduta dagoen jendetza ikustean, hainbat gatazka konpondu beharko ditu: Kenduko al dira salto egin dezan? Kentzen ez badira, euren gainetik egingo ote du salto? Zer egingo dute ikusleek egoera hain deseroso horren aurrean? Zergatik erabakitzen du norbaitek halakorik egitea? Ba al dugu gure bizitza eteteko askatasunik?

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.