ESZENA

“Su Talka”, Deabru Beltzak taldearen ekoizpen berria

Deabru Beltzak kale antzerkiko euskal konpainiak Su Talka perkusio eta piroteknia nahasten dituen ekoizpen berria estreinatuko du ekainaren 7an, Bretainiako Le Printemps des Abers jaialdian.

Su Talka gaueko ikuskizun ibiltaria da, sei aktore eta musikari dituena, eta betiko legez, dramaturgia mutua, efektu bereziak eta piroteknia uztartzen dituena. “Lan honetan txinpartak sortzen dituzten danborren talka, transmititzen den beroa, erritmoa eta argia ekartzen dira gogora. Ikuskizun harrigarria, publikoarekiko topaketa eta elkarreragina sustatzen duena”.

Nazioarteko estreinaldiaren ondoren, pieza Euskal Herrira iritsiko da. Bertoko estreinaldia ekainaren 13an izango da, Iurretan; ondoren, ekainaren 27an, Hernanin; ekainaren 28an, Mundakan; uztailaren 2an, Berrizen; uztailaren 3an, Mungian; abuztuaren 14an, Aretxabaletan; eta abuztuaren 2an, Guardian. Horiez gain, Frantzian, Italian, Britainia Handian eta Portugalen emanaldiak ere izango ditu konpainiak.

Deabru Beltzak taldea 1996an jaio zen, Euskal Herriko hainbat talde profesionaletako aktoreen eskutik. Bost kontinentetan eta 40 herrialdetan baino gehiagotan aritu dira, eta Euskal Herriko konpainiarik internazionalena izatea lortu dute.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button