
SOKA, Euskal Kultur Erakundeak euskal dantzei buruz antolatu duen erakusketa ibiltaria da. Erakusketak 400 ilustrazio baino gehiago ditu (funts ikonografikoak, elkarrizketa zatiak, soinu zatiak eta artxibo irudiak), bai eta zazpi sortze-lan, jatorrizko bideoak eta argazki andana ere. Bilboko Euskararen Etxean ikusi ahalko da erakusketa hori abuztuaren 31 arte.
Erakusketa gaiaren araberako lau gunetan banatuta dago: Dantzaren bizipen intimoak, Euskal dantza & historia, Euskal dantza & gizartea eta Sorkuntzaren bideak. SOKAk bisitariei “euskal dantzak ikasteko edota ezagutzeko gogoa piztu nahi die” eta esperientzia aberasgarriagoa izan dadin, erakusketak “14 terminal interaktibo, ukipen-pantailak, formatu handiko 7 HD telebista, 9 irakurgailu multimedia, 15 ordenagailu eta bideo-proiekzio eremu bat izango ditu”.
Erakusketan hainbat bideo interesgarri ere badaude. Adibidez, 1960-1970 urteen artean Jean-Michel Guilcher etnologo eta ikertzaile bretainarrak Zuberoan, Baxe-Nafarroan eta Nafarroan egindako bideo-zati ezberdinak eta František Pospíšil txekiar etnologoak 1927an ekoiztutako filmen irudiak. Era berean, New-Yorkeko International Center of Photography zentroak maileguan utzita, Robert Capa-k 1951ko abuztuan Saran egindako argazkien erreprodukzioak erakusgai izango dira.
Gainera, EKE eta Azkue Fundazioa 8-15 urte arteko haurrentzat eta gaztetxoentzat SOK’APP jolas-aplikazioa garatzen ari dira SOKA erakusketaren inguruan eta datozen egunetan aurkeztuko da.



