MUSIKA

Siroka taldeak sei maluta argitaratuko ditu

Siroka taldeak sei kantu berri argitaratuko ditu banan-banan, Malutak izenburupean. Disko formatutik aldetuz, bizkaitarrek sei doinu kaleratuko dituzte, bideoklip batekin lagunduta.

Hala, estreinako maluta atzo, azaroak 6, plazaratu zuten: Azala doinua, Diecinueve84-ko Goizeder Saez de Lafuentek eta Nikola Hurtadok egindako klipa, Aiala Etxegarai aktore eta dantzariaren laguntzarekin. Kantua, berriz, Kaki Arkarazorekin grabatu dute.

Sirokak, horrela, sortzaileen aldeko elkarlana ere sustatu nahi du. Taldea Taupaka sortzaileen plataformako kidea da, eta kolektibo horrek lan berri honen harira bidalitako oharrean jasotzen denez, “Siroka taldeak bideo sortzailez inguratzea erabaki du oraingo honetan. Sei kantuz eta bideoklip berriez,  eta sorpresatxoren batez, osatuko den proiektu honek ez dauka amaiera data zehatzik, beraz, zaleek pazientziaz itxaron beharko dute kanta bakoitzaren etorrera”.

Sirokak 2013an argitaratu zuen 3.SZN aurreko lana, taldearen hirugarrena, hain zuzen. Disko horretan hasi ziren Kaki Arkarazorekin lanean, eta era berean, gitarra-jotzailez ere aldatu zuten. Kakiren lanarekin oso pozik gelditu ziren, eta gitarra-jotzailearen lanaren harira ondokoa esan zuen Gorka bateria-jotzaileak: “Bere kutsua eman dio taldeari”.

Show More

Related Articles

Back to top button