
Datorren asteburuan, uztailaren 14tik 16ra, poesia guztia bilduko da Eako Poesia Egunetan ekimenenean, eta bertako errezitaldi, musika kontzertu, hitzaldi eta antzerki ikuskizunekin, gaur egungo literaturaz gozatzeko abagune paregabea izango duzue.
Barikuan zabalduko dituzte Marrazkia azalean azala hitzetan izenburupean abiaraziko dituzten aurtengo jardunaldien ateak. Egun horretan, Mikel Martinezen eta Irati Agirreazkuenagaren Biba voi! Dario Fo eta Franca Rame akorduan irakurraldi antzeztua programatu da. Geroago, Erori da, erori da Gernika libre hura! izeneko irakurraldia egingo du Mikel Martinezek.
Beranduago, 22:00etan, Isaac Xubin idazle eta itzultzaile galegoak Izenak, sagutxo bat eta itsasontzia errezitaldia egingo du. Bertan, Sarrionandiaren poemak entzungai izango dira.
Larunbatean, Egunak ihesi doaz basazaldiak bezala mendiez gaindi izeneko hitzaldia egingo du Xabier Gantzarainek, Eskolondon. Uxue Alberdi, Iñaki Zabaleta eta Txakur Gorria adituek Alfonsina eta Itsasoa izeneko errezitzaldia burutuko dute, Moilan. Arratsalde partean, Inun eta Amaiur B. Blascoren kantaldi-errezitaldia (Da nola/Egunsentitik ilunabarrera), Ertza konpainiaren Hariak ikuskizuna, eta Estomatolito taldearen kontzertua ere ondu dira.
Azken egunean, igandean, Ismael Manterolak Artea literaturaren kontra izeneko hitzaldia egingo du, Eskolondon, Karabansai konpainiak Ele! Lorca-Lauaxeta obra antzeztuko du, eta Yolanda Arrieta, Leire Bilbao, Pello Ramirez, Sahatsa Ramirez eta Ainara Azpiazuk Aho bete amets: haurrak, poesia eta gu errezitaldia eskainiko dute.
Informazio gehiago, hemen duzue.



