ESZENA

“Serenity Suite” eta “Basoa” koreografiak, Araban

XVII. Dantza Zirkuituak hitzordu bikoitza du asteburuan Arabako antzoki-sarean. Hala, gaur, hilaren 14an, Matxalen Bilbaok Serenity Suite koreografia aurkeztuko du Gasteizen, eta hurrengo egunean, larunbatean, Dantzaz Konpainiaren txanda izango da, Zigoitian, Basoa ikuskizunarekin.

Matxalen Bilbaoren Serenity Suite koreografiak hainbat itaun planteatzen ditu: Norainoko iraupena du gorputz batek? Zertan datza gorputzaren edertasuna? Zein da bere biziko grina ateak irekitzeko eta jarduna aurrera ateratzeko behar beharrezkoa dena?
Natalia García dantzari gazteak eta eskarmentu handiko Matxalen Bilbaok taularatzen dute emankizun hau. Nahiz eta hiru hamarkaden aldea izan, dantzak batzen ditu biak. Obra horren bidez, “adinaren aurreiritzietatik ihes egin eta helduaroa goraipatu nahi du Matxalen Bilbao koreografoak, etapa horretan gorputza eta burua harmonian garatzen baitira”.

Dantzaz Konpainiak Basoa pieza egingo du. “Basoa: iluna, estaltzen duena. Gune majikoa, baita beldurgarria ere. Historia garaikideko erreferentziazko gune bat estali nahi izan duena bezalakoa. Errefuxiatu-gunea, kontzentrazio-esparrua… Gurs, milaka pertsona bildu eta pilatu zuen lekua, ehundaka pertsona hil ziren lekua, guregandik oso hurbil dagoen leku bat, historian hain urrun ez dagoena. Gursen abiapuntua izango dugu gaur milaka eta milaka pertsonak gerrak eta pobreziagatik pairatu behar duten egoerari buruzko hausnarketa egiteko eta mezu poetikoa zabaltzeko. Gurs iragana eta gaur eguna lotzen dituen zubia da.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button