ARTEA

Irudikak 2023ko Egonaldien erakusketa inauguratu du

Irudika-Ilustrazioaren nazioarteko topaketa profesionalak Dani Scharfek eta Blanca A. Izuzquizak egonaldi artistikoetan egin duten lana aurkeztu du.

Dani Scharfek Good Fake News proiektua aurkeztu du, “intoxikazio informatiboa eta nola erabili daitekeen albiste faltsuaren kontzeptua modu positibo batean” hausnartzeko. Blanca A. Izuzquizak animaziozko film labur bat erakutsiko du, ¿En qué piensas? izenekoa, nerabezaroko osasun mentalaren arazoan murgilduko gaituena.
Erakusketa zabalik egongo da Vital Fundazioaren Kordoi Etxean, ekainaren 10ra arte.

Beste aldetik, Irudika 2023k egitarauaren aurrerapena egin du eta jakinarazi du Japonia, Polonia eta Nigeria izango direla herrialde gonbidatuak. Argitaletxeen esparrura ere Mexiko, Frantzia, Portugal, Kolonbia, Espainia eta beste leku askotako gonbidatuak hurbilduko dira. Irudikak bere zazpigarren edizioa egingo du Gasteizko Artium Museoan, azaroaren 2tik 4ra bitartean.
Betiko legez, artista, argitaletxe eta agenteak Gasteizera helduko dira hainbat proiekturekin: ilustrazioa, kultur kudeaketa eta galeriak, artisau inprimaketa, haurrentzako aldizkariak, liburu azalak, kartelgintza eta beste hainbat gai.

Irudikaren egonaldi programa posible da Eusko Jaurlaritzaren, Vital Fundazioaren eta Euskal Irudigileak elkartearen ekarpenei esker (ilustrazio kategorian), eta Acción Cultural de España (AC/E) elkartearen laguntzari esker (animazio kategorian).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button