MUSIKA

“Xarma”, Oreka TXren ikuskizun berria

Kursaal Eszenaren eskutik, Oreka TX taldeak Xarma ikusgarri berria egingo du igandean (hilak 26) Kursaal Auditorioan.

Lanaren nondik norakoak honela labur daitezke: “musika jotzeari ingelesez to play music esaten zaio, musika jolastea. Esaten dute ez diogula jolasteari uzten zahartzen garelako, jolasteari uzten diogulako zahartzen garela baizik”.
Hala, Xarma ikuskizunean “sorgindutako unibertso bat betetzen duten pertsonaiek berriz ere jolastu eta magian sinis dezagun akuilatzen gaituzte. Horri esker, mundu mailako estreinaldi hau Eguberri hauetan gozatzeko abagunea izango da”.

Kukai Dantzako dantzariak ere arituko dira ikusgarrian: “Barrualdetik maneiatutako txotxongilo erraldoiek eta jostailu handiek iruditeria magikoa osatzen dute, ohiz kanpokoa; eta musikariak biltzen dituzten elementu eszeniko erraldoi horiekin batera, eszenatokian ariko dira aurreko proiektuetan ere bidaide izandakoak, Kukai Dantzako dantzariak lankide izango baititugu”.

Baina Xarma ikusgarriak elementu gehiago bilduko ditu: “Dantzaz gain, zirkua ere izango da Xarma janzten duen ametsezko atmosfera horretan: Berdinki zirku konpainiaren oihalak baliatuta egindako aireko zirkua eta trapezio bikoitza, batetik, eta Xabier Larrea eta Gorka Pereiraren malabarrak eta baskula akrobatikoa, bestetik”.

Patxo Telleria aktore, gidoilari, antzerkigile eta zine eta antzerki zuzendariak idatzi du gidoia, eta horri erreparatuko diote Igor Otxoa eta Harkaitz Mtez. de San Vicente zuzendari artistikoek.
Azkenik, Ane Pikaza ilustratzaileak ikuskizunaren irudia sortu du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button