ESZENA

Leioako Kaleko Artisten Azokaren XXI. edizioa

Irailaren 16tik 19ra Umore Azoka Leioa loratuko da berriz Leioan, eta Kaleko Artisten Azokaren XXI. edizioa egingo da. Egun horietan antzerkia, dantza eta zirku garaikidea izango dira ardatz nagusiak, baina clownaren umorea, musika, magia, dantza bertikala, txotxongiloak eta ikuskizun piroteknikoa ere izango dira.

Aurten, Euskal Herriko, Estatuko eta Europako beste herrialde batzuetako 39 konpainia (programazioa osatzen duten 39etatik 22 Euskal Herrikoak dira) izango dira Leioan, ikus-entzule guztientzako emanaldi mordo batekin. Bertan ere jaialdia eta azoka profesionala uztartzen dira, eta lau egun horietan ikusgarriez gain konpainiek eta profesionalek lan egiteko eta esperientziak partekatzeko gune aproposa izango dute jaialdia.

Programazioari dagokionez, XXI. edizioa kalitateak eta aniztasunak osatuko dute berriro ere, izan ere, Batzorde Artistikoak 400 proposamen baino gehiagoren artean aukeratu ditu parte hartuko duten konpainiak. Konpainiek 94 emanaldi egingo dituzte.

Euskal Herriko taldeez aparte Estatuko 14 konpainiaren eta nazioarteko 3ren parte hartzea izango da, eta talde batzuk Belgika, Portugal eta Ukrainatik etorriko dira. Estatuko konpainiei dagokienez, Madril, Murtzia, Gaztela eta Leon eta Galiziako konpainiak etorriko dira.

Esan dugun moduan, Umore Azoka Leioa eszenaren sektorea ezagutzeko, elkartzeko eta hausnartzeko gune gisa eratu da, eta horregatik, aldi berean, hainbat jarduera profesional egingo dira. Horretarako 190 profesional baino gehiagok eman dute izena.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button