Kaleka jaialdiaren 32. edizioa izango da aurtengoa, eta uztailaren 8, 9, eta 10ean Lekeition egingo da. Herri osoan zehar 14 ikuskizun banatuko dira, eta modu horretan, ikusleek ekitaldiez gozatzeaz gain, Lekeitioko leku adierazgarrienak eta ezezagunenak ezagutzeko aukera izango dute.
Kalekak hiru lan lerro ezberdinduko ditu: Kaleka Ofiziala, Kalekaz Blai eta Kaleka Scratch. Atal Ofizialak “formatu ezberdinak lantzen dituzten konpainia eta kolektiboen lanak batzen ditu”. Aurten El mono habitado, Barsanti, Kaput, Markeliñe eta Lekittoko Deabruak bezalako konpainia euskaldunak hartuko ditu bere barnean atal honek. Bai eta estatu mailako Troula Animaciones, Javier Ariza, Nacho Vilar Producciones, Ambae Company, El Gran Dimitri eta Bucraá Circus taldeak ere.
Scratch-ek “garapenen edo sorrera prozesuan dauden lanak batzen ditu, kultur agente, artista, ikusle eta abarren arteko sormenezko elkar trukaketa garatzeko espazioak eskainiz.” Edizio honetan 21 eskaera jaso dira eta horietatik 2 izan dira aukeratuak. Aurten Idoloca eta La Suricata Circus konpainien lanak izango dira atal honetan”.
Kalekaz Blai sekzioak “esperimentazioarekin eta ikusleen parte hartze zuzenarekin lotutako akzioak hartzen ditu bere barnean”. Edizio honetan Bambolea konpainiaren Circus Feria izango da”.
Hortaz, Lekeitioko Nazioarteko Jaialdia Kale Arteak jaialdia bihar abiatuko da, eta Troula konpainiaren El extraño caso del dentista de la calle Brasov ikuskizunak emango dio hasiera. Ondoren, Javier Arizaren Carman lanak bizia hartuko duen kotxe ikonikoaren ikuskizuna egingo du. Geroago, Cía Ido Loca-k Agustinne clown ikuskizuna egingo du, eta jaialdiko lehenengo egunari amaiera emateko Markeliñe konpainiaren Psike antzezlana kaleratuko du.
Egun guztietako programazioa hemen daukazue.