
Saioa Garin (Legorreta, 1978) musikariak Natura izenburuko hirugarren lana argitaratu du Moonpalace Records zigiluaren laguntzarekin. Matrioska Heart aurreko lana duela bost urte plazaratu zuen diskoetxe berdinarekin. Lan berri honetan euskaraz abesturiko hamaika kantu bildu ditu, eta Joseba Irazokik ekoitzi ditu.
Saiaoren aurreko lanetan kantautore tankerak eta ingelesa nagusitzen baziren ere, oraingoan, berriz, euskaraz abestu eta taldearekin grabatu ditu kantu guztiak. Banda horretan aipaturiko Irazokiz gain, Willis Drummond-eko Felix Buff bateria jotzailea eta We Are Standard-eko Jaime nieto baxu jotzailea aritu dira, bai eta Txus Aranburu Txus Aranburu (pianoa, organoa, akordeoia; Tapia eta Leturia) eta Igor Telletxea (tronboia; Xabier Montoia) ere.
Doinuak songwriter-en eraginetatik aldendu dira, eta pop-rock egituretara gerturatu. “Agian pop egitura handiagoa dute. Eta abesteko modua ere aldatu dut, eta hori jende askok esan dit”, esan du Berria egunkarian argitaraturiko elkarrizketan. Aldaketa horretan zerikusi handia izan du Irazokik: “Hark proposatu, eta nik egin. Abestiak haren mundura joan dira”.
Aipagarria da Irazokik gitarrekin egin duen lana. Esate baterako, Higadura doinuan. Doinu eder horretan, gainera, haize konponketak ere entzuten dira. Izan ere, entzun ditugun kantuen konponketak bikainak dira.
Aldaketa horietan eragina ere izan dute Saioak azken boladan entzun dituen diskoek, hala nola, Low, Bill Callahan, Ainara Legardon, Peter Broderick, Mursego, eta, nola ez, Anari. “Niretzat saihetsezina da (Anari). Betidanik segitzen dut, eta asko gustatzen zait. Baina hortik aldentzen ere saiatu gara. Hasieran Josebari proposatu nion biolontxelo bat sartzeko, baina nahiago zuen bestelako tresna batzuk sartu: tronboia, banjoa… bestela gehiegi gerturatuko ginen Anariren mundura”.