MUSIKA

Izarok Iruñean joko du bihar

Izarok Iruñeko Erraldoien txokoan joko du bihar Kantu eta Hitza zikloaren barruan, 20:30etik aurrera. Ziklo horren baitan, Balerdi Balerdi, Lurpekariak, Anje Duhalde edota Bidaia taldeak aritu dira, besteak beste.

Izarok OM izeneko bere estreinako lana plazaratu zuen iazko irailean. Mallabiko neska duela hiru urte hasi zen gitarra jotzen eta lehen kontzertuak ematen. Youtubeko plataforman kanta bat igo (Paradise) eta Pikadero izeneko filmerako aukeratu zuten (gaur egun ia 40 mila bisitaldi ditu). Harrezkero pausoz pauso baina ere berean abiadura meteorikoan kontzertuak ematen ibili da lehen diskoak argia ikusi duen arte.

Eta ia dena kasualitate hutsarengatik: “Donostian kontzertu bat ematen ari nintzela, gaurko taldeko bateria hurbildu zitzaidan ea bakarrik ote nengoen, ea zerbait grabaturik ote nuen, eta nik ezetz esan nion. Iker Lauroba aurkeztu zidan gero, eta han hasi zen dena.”

OM diskoaren bidez taldeak duen energia kanalizatu nahi izan duela dio Izarok. “Guztiok baikara energia iturria taldean, eta izen horrek, lehen mantra denak, ondo biltzen du gure ahalegina”. Diskoak Izarok eginiko eta letra ederrak jarritako 13 kanta biltzen ditu, batzuk euskaraz, eta beste batzuk gaztelaniaz eta ingelesez. “Abestiok goxotasuna transmititzen digute, sentikortasuna, karga poetiko ikaragarria, eta entzuleak hunkiarazi dituen ahoskera”. Eta hala da, Izarok duen ahotsa da bere armarik ederrena, berau modulatzeko eta bariazioak egiteko abilezia ikaragarria du. Bere ahotsa entzun dugunean Russian Red taldeko Lourdes Hernandez kantariaren trazak aditu ditugu, edota Daughter taldeko Elena Tonra-ren xamurtasuna. Indie esparruko doinuak direla esan daiteke OM honetan entzuleak adituko dituen kantak.

Izarorekin batera Iker Lauroba, Oriol Flores, Ane Bastida eta Julen Barandiaran daude. Lana Muir Estudioan grabatu da Yon Vidaur adituaren begiradapean, eta maketazioa Hiru Damatxo etxeak egin du.  

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button