ARTEA

Robert Crumb komiki egilea Euskal Herrian izango da

 

Robert Crumb (Philadelphia, Pennsylvania, 1943) komiki egile mitikoa Bilbon izango da 2013ko urrian egingo den La Risa de Bilbao jaialdiaren baitan. Estatubatuarra komiki garaikideak eman duen autorerik handienetarikoa da. Komiki underground-aren aitzindaria, 60ko hamarkadako kontrakulturako artistarik garrantzitsuenetarikoa izan zen, eta ezinbesteko eragina da bere atzetik etorri den obra garaikide guztiarentzat.

Crumb bere emazte eta komiki egile Aline Kominsky-rekin etorriko da umorea ardatz duen La Risa de Bilbao jaialdira, eta BBK Saria jasoko du bere ibilbide artistiko osoan umoreak izan duen garrantziagatik.

Fritz the Cat (pertsonaia horren inguruko film ezaguna ere egin zuen Ralph Bakshik 1972an), Mister Natural, Flakey Foont, Snoid edo Angelfood McSpade dira estatubatuarrak asmatu eta marraztu dituen pertsonaiarik ezagunenak. Bere komikiak Ediciones La Cupula argitaletxeak plazaratu ditu estatuan, eta horien artean Mis problemas con las mujeres eta Si yo fuera rey serieak dira azpimarragarrienak. Bere azken lan aipagarriena Génesis da, “non bere marrazki pertsonalak erabateko maisutasuna lortu duen”, esan du Juan Bas La Risa de Bilbao jaialdiaren zuzendariak.

Crumbek eta bere lanak jaso dituen laudorioak estratosferikoak dira: “Uste dut Crumb XX. mendearen azken erdiaren Brueghel dela. (…) Goyaren elementuak ere badira, esaterako, txori burua duten bere emakumeen itsuskeriaren zentzuan”, Robert Hughes idazle eta kritikari australiarra.

Komikiez gaiz, ilustratzailea eta musika zale amorratua da. 1968an, Janis Joplin musikariaren Cheap Thrills diskoaren azala egin zuen, eta ezagunak dira egin dituen blues eta jazz musikarien ilustrazioa serieak. 78 bira minutuko arbelezko disko zaharren bilduma zale sutsua da, eta banjoa ere jotzen du Cheap Suit Serenaders taldean bere lagun Terry Zwigoff zine zuzendariarekin, zeinak 1994an Crumben inguruko dokumental bikaina filmatu zuen David Lynch-ek ekoitzia. Dokumental hori ikustea ezinbestekoa da Crumben obra ulertzeko. Albiste ona, Crumb gurean izango da.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button