LITERATURA

Rafael Mikoleta euskarazko ipuin lehiaketako epea zabalik

Bilboko Udalak Rafael Mikoleta euskarazko ipuinen Lehiaketaren XXXVI. edizioan parte hartzeko izena emateko epea ireki du. Lehenengo euskal gramatikaren egilearen omenez egiten den lehiaketaren helburua da 8 eta 16 urte bitarteko Bilboko ikasleen artean euskaraz irakurtzeko eta idazteko zaletasuna zabaltzea. Hortaz, Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailetako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) lau mailetako ikasleek urtarrilaren 26ra arteko epea dute beren ipuinak aurkezteko. Joan den urtean 1.004 ipuin aurkeztu ziren lehiaketara.

Ipuinok gai librekoak izango dira, baina hainbat baldintza bete beharko dituzte, besteak beste, euskaraz idatzita egotea eta marrazkiak izatea. Lanak aurkeztu ahal izango dira Bilboko Udaleko Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako Saileko Euskarako Zuzendaritzan (Venezuela plaza 2, 7. solairua, 48001, Bilbo).

Bilboko Udalak 1988az geroztik antolatzen du lehiaketa hau, “euskaraz irakurtzeko eta idazteko zaletasuna zabaltzeko eta euskal literatura sustatzeko, istorioak irudikatzeko, sortzeko eta hitzez adierazteko aukera emanez”.

Bilbo Balioen Hiria saria ere emango da, eta Bilboko Balioen Agirian jasotako balioetakoren bati erreferentzia egiten dioten ipuinen artean bi sarituko dira.
Lehiaketaren oinarriak hemen kontsultatu ahal dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button