
Gorputza, afektuak, lurraldea masterra berezko titulu erdipresentziala da, modu independentean egin daitezkeen hiru modulutan antolatua, eta akademiaren eta arte garaikidearen arteko topagunea izan nahi du.
Ikerketa, ikasketa kulturalak eta praktika artistikoak bateratzeko guneak aztertu nahi dituzten ikasleei eta arte- eta kultura-arloko profesionalei zuzenduta dago (artistak, teorialariak, ikertzaileak, komisarioak, hezitzaileak, etab.).
Master honek ikerketarako esparru teoriko-praktikoa eskaintzen du eta online lana eta aurrez aurreko lantegi, eskola eta konferentziak uztartzen ditu. Gogoetarako, eztabaidarako eta ezagutza ekoizpenerako tokiko esparru bat sortzea da programaren helburua, betiere beste testuinguru geografikoekin eta errealitateekin lotura eta elkarlana mantenduta. Ikasturtean zehar artearen ikerketarako tresnak eta metodologiak ikasteko, partekatzeko, aplikatzeko eta garatzeko aukera izango dute ikasleek, banakako zein taldekako proiektuak burutzeko helburuarekin. Horretarako behar diren bitartekoak edukiko dituzte eskura: praktika artistikorako baliabide teknikoak eta espazioak Uharte Zentroan, baita masterreko irakasleen laguntza eta gidaritza ere.
2025-2026 ediziorako, Emakumearen Institutuaren dirulaguntza ematea ebatzi da, matrikularen zati bat finantzatzeko. Laguntza hori master osoa egiten ari direnentzat bakarrik izango da eskuragarri, eta hautaketa-prozesu baten bidez emango da.
Irailaren 12tik urriaren 4ra, Praktika Artistikoak eta Kultura Ikasketak Masterreko ikasleek (2024-2025 edizioa) euren lan amaierakoak aurkeztuko dituzte erakusketa batean, Uharte Zentroan.
Jakingarri guztiak Uharte Zentroak ditu.