
“Pop Pilulak” pop-kultura ardatz duen euskarazko fanzinea da, eta hil honen erdian laugarren alea kaleratuko da. Zenbaki berri hori, gainera, maiatzaren 21ean aurkeztuko da Bilboko Euskararen Etxean, Xabier Montoia musikariaren kontzertu berezi batekin batera, eta ekainaren 6an, Urretxun, Kalegorrian jaialdia sustatzeko egingo diren ekitaldien baitan.
Fanzine berriak ekarriko dituen edukien harira, bost kolaboratzaile berriren testuak jasotzen dira. Aritz Galarragak Maiztasun poemak idatzi ditu; Gotzon Hermosillak rhythm & blues musikarien zorigaiztoko bizitzak bildu ditu bere artikuluan (adarrak, mozkorraldiak, Little Willie John, Little Walter…); Txerra Rodriguezek Bilboko hormetako pintada eta graffitiak jorratu ditu Paretek isiltzen ez dutena artikuluan, eta Giorgio Bassmati musikari donostiarrak The Pastels pop banda eskoziarraren inguruko testua idatzi du, emozioz betetakoa; azkenik, Gorka Erostarbek David Thomas (Pere Ubu) musikari estatubatuarrari eginiko elkarrizketa sakon bezain interesgarria argitaratuko du.
Gainerako kolaboratzaileak ez dira atzean gelditu: Goizalde Landabasok jazz atmosferadun Jack Vettriano pintorea izan du hizpide; Antton Iturbe True Detective telesail zingiratsuan murgildu da; Yurre Ugartek erreferentziez beteriko testu aldarrikatzailea josi du (Tortura Sistematika eta Bukaera Tolosako hardcore talde mitikoak, Lydia Luch artista, The Slits banda, Kathy Acker idazlea, …); Iñigo Basagurenek AEBetako herri kulturako bi elementuren ibilbideak lotu ditu, Jonh Waters zinegilea eta Charles Manson hiltzailea, hain zuzen; Koldo Almandozek zoofiliaren inguruko hausnarketa umoretsua egin du; Iñigo Bidetxeak Parisko Apatxeei buruzko artikulu zinematografikoa idatzi du; Xabier Sagardiak abenturazaleak izan ditu aztergai; Eremuz Kanpo bikoteak Jean Luc Godard (JLG) zinegileari buruzko sormenezko testua landu du; eta, amaitzeko, Julen Azpitartek Agrimensor K 80ko urteetako post-punk talde donostiarrean aritutako Ignacio Valencia elkarrizketatu du.
Aurkezpen ekitaldia
Ale berria maiatzaren 21ean aurkeztuko da Bilboko San Inazio auzoan dagoen Euskararen Etxean, 19:00etan. Ekitaldian Julen Azpitarte argitalpenaren arduradunak eta Yurre Ugarte kolaboratzaileak parte hartuko dute. Ane Zabala kazetariak solasaldia gidatuko du. Hizketaldiaren ostean, Xabier Montoiaren kontzertua izango da.
Ekainaren 6an, halaber, Urretxun ere aurkeztuko da fanzine berria, Kalegorrian jaialdia sustatzeko egingo diren ekitaldien baitan.
Behean ale berriaren azala: