LITERATURA

“Poetika” zikloaren barruan, “Zakur zaunkak” errezitala

Gaur, Donostiako KMKko Santa Teresa Ekitaldi Aretoan, 19:00etatik aurrera, Iñaki Irazuk argitaraturiko Zakur Zaunkak lanaren inguruko errezitala antolatu da, Poetika zikloaren barruan. Iñaki Irazurekin batera Jabier Muguruza abeslaria arituko da.

Susa argitaletxeak argitaratu du lana, eta modu honetan laburbil daiteke: “Nonbait badabil poeta, oroimenaren basoan dabil orriotan. Betiereko forma hartu duten hitzen bideetan doa aurrera, izuaren zimurrak, gauaren atzaparrak, argi orbanak, lurrazpiko gelak eta harrizko etzalekuak zeharkatuz igaroaldian. Gerra garaiko kontuak eta ondoko urteetako behe-laino beltza datoz Iñaki Irazuren bigarren poema liburuan, inoiz utzi gabeko lekuetara eta inoiz agurtu gabeko jende batengana itzulera bat.”

Iñaki Irazuren poemetan, “sentiberatasunezko uneak harrapatzeko asmoa nabarmentzen da. Irazuk, idazteaz gain, gogoko dituen poetekin jardun dramatizatuak egin izan ditu. Horra, adibidez, Bilbo Zaharra Forum antolaturiko egitarauaren barruan, Gandiaga, Lizardi eta Iparragirreri eskaini izan dizkionak”.

Jabier Muguruza kantautore gisa 90ko hamarkadan hasi zen lanean eta orain arte hogeitik gora lan kaleratu ditu. Literaturarekin ere harreman estua izan du beti. Erein argitaletxean haurrentzako zazpi liburu argitaratu ditu Muguruzak, baita helduentzako beste bi ere.

Hiru hamarkada igaro dira bere bakarkako lehen lana argitaratu zuenetik, eta urteurrena ospatzeko aurtengo udaberrian disko berria kaleratu du Iñaki Irazuren letrekin osatua.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button