BESTELAKOAK

Durangoko Azoka, sormenaren lurraldea

Sormenaren lurraldea DA! lelopean abiatuko da bihar aurtengo Durangoko Azoka. Igandera bitartean, zer ikusi, zer irakurri eta zer entzun dezente izango da Durangon euskaraz.

Sormenaren lurraldea DA!  titulu berezia da, eta arrazoia  Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujikak azaldu zuen aurkezpen egunean: “Gure lurraldea ez da ohiko lurralde bat. Ez du mugarik, sormena iristen den lekuraino zabaltzen da. Lurralde honen oinarria kultura da, eta euskara da bere ardatza”.

Egun hauetan guztietan mila kontutxo bilduko dira gure azoka erraldoian. Hala, Durangoko Azokaren 52. edizioak hamaika berri  dakartza aurten: 400 nobedade (257 liburu, 92 disko, 19 aldizkari, 5 bideo eta 27 bestelako), 240 stand, 129 parte-hartzaile… Guztira, 200 ekitaldi 700 metrotan eta bost minutuko distantzian. Aurreko urteetan bezalaxe, abenduak 7, ikaslez lepo izango da Azoka; aurten bigarren aldiz helduentzako tailerrak antolatuko ditu Azokak (Rap tailerra, Durangoko bonbardaketako aztarnetan bisita, Bikoizketa tailerra, Autodefentsa digitalaren hastapenak, eta abar). Saguganbara, Irudienea, Plateruena eta Szenatokia espazioak ere sutan izango dira egunotan.

Aurten, Ahotseneak 10 urte bete ditu, eta urtero bezala diskoen eta liburuen aurkezpenak hartuko ditu. Aurten guztira 123 sormen-lan berri aurkeztuko dira. Zuzenekoen karpan 70 musikarik eta musika-taldek aurkeztuko dute beren lana kontzertu formatuan. Solasaldien gunean, aldiz, 53 aurkezpen izango dira (idazleak gehienbat, baina baita musikari zenbait ere), hainbat formatutan: solasaldia, mahaingurua, errezitaldia, ikuskizuna, emanaldi akustikoa, performancea…

Eta makina bat hitzordu geure kulturaz gozatzeko!

“Etorri, abenduaren 6tik 10era, bidaiatu sormenaren lurraldera, jendearen eta kulturaren hartu emana indartzen duen espaziora. Eman eta hartu zuk ere gonbitea!”

Egitarau luzea begiratzeko: Sormenaren lurraldea DA!  

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button