
Poesia Kaia ekimenak poesia eta musika uztartzen ditu. Orain lau urte jarri zen abian ekimena, Balea Zuria argitaletxearen eta Lezoko Udalaren Kultura sailaren arteko lankidetzaren bidez. Aurtengo ekitaldia azaroaren 6tik 8ra egingo da Lezon.
Azaroaren 6an, 19:00etan, Jokin Muñoz idazle nafarrak Mugako poetika izeneko hitzaldia eskainiko du, Maddi Muñoz dantzariarekin batera, Kultura aretoan. Muñozek bitan irabazi du Euskadi Literatur Saria, 2004an lehena, Bizia lo (Alberdania, 2003) lanagatik, eta 2008an Antzararen bidea eleberriagatik (Alberdania, 2007), Kritikaren saria ere jaso zuena. Iaz kaleratu zuen bere azken lana, Quiero ver eleberria (Erein).
Azaroaren 8an, ordu berean, poesia errezitaldia antolatu da hiru poetekin: Berta Piñán idazle asturiarrarekin, Rakel Pardo urdazubitarrarekin eta Sara Uribe-Etxeberria Atxurra zumaiarrarekin. Errezitaldiaren amaieran, musika kontzertu laburra izango da Oiasso Boskotearen eskutik.



