LITERATURA

"Juan Mari Lekuona-ri omenaldia" aurkeztu du Euskaltzaindiak

Andres Urrutia euskaltzainburuak, Jean Haritschelhar Literatura Ikerketa batzordeko buruak eta Pello Esnal Herri Literatura batzordeko buruak parte hartu zuten aurkezpen ekitaldian.

Andres Urrutia euskaltzainburuaren hitzetan, Juan Mari Lekuonak "literatura zuen gaia. Grina, berriz, poesia, musika eta kantu herritar nahi landuetan. Emaitzak, taxutuak, zehatzak eta zorrotzak. Hitzaren zurrunbiloan murgilduta, hala ere, beti zegoen prest, modu diziplinatuan, Akademiaren gobernu-organoetan bere ahaleginak egiteko"

"Irakasle eta akademiko egoki eta bikainei dagokien bezala -gaineratzen du Urrutiak- jakin zuen hark bere mezua zabaltzen. Horren lekukotasuna ematen dute hainbatek omenaldi-liburu honetan, Euskaltzaindiak opa diona. Literatura batzordeburu izandakoak ongi merezitako aitortza, bestalde".

Jean Haristchelarrek esan duenez, bestalde, liburua "Juan Mariren gustukoa izango zen, hor parte hartu dugunok gure ikerketaren emaitzak eskaintzen dizkiogulako berari".

Bestalde, Literatura Terminoen Hiztegia sareratu du Euskaltzaindiak. Hiztegiaren 648 terminoak banan-banan irakurri eta sarrera nagusien gaineko bilaketak egiteko modua eskaintzen da erakundearen webgunean.

Euskaltzaindiak Literatura Terminoen Hiztegiaren paperezko bertsioa argitaratu zuen 2008ko ekainean. Orain, Euskaltzaindiaren Informazio eta Komunikazioen Teknologien batzordearen ekimenez, hiztegiaren edukiak datu-baseratu eta Euskaltzaindiaren webgunean kontsultatzeko moduko aplikazio informatikoa sortu du Euskaltzaindiaren Informatika eta Telekomunikazio zerbitzuak.

Euskaltzaindiak bidalita

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button