ARTEA

Planotik bolumenera altxatzeko helburuz

Karlos Martinez artistak Black Patterns izeneko erakusketa paratu du maiatzaren 7ra bitartean, Bilboko Carreras Mugica galerian.

Black Patterns izenburuak, bertan erakutsitako obra guztiak zeharkatzen dituen prozesuari egiten dio zuzenki erreferentzia. Patroigintzatik sortzen da ekoizpena, planotik lan eginaz, gero bolumenera altxatzeko.

Artistak honela definitu du prozesua: “Ariketa honek obrak marrazkitik proiektatzera eraman ninduen, gero hiru dimentsiotako objektu batean hezurmamitzeko; eskulturan. Lehenbizi diseinuarekin lan egiten duen eskultorea naiz (eremu horretan dudan formakuntzagatik beharbada); ez naiz material zati bat hartu eta haren gainean modelatzen duen artista bezalakoa; ez hasieran behintzat.
Gustatzen zait pentsamenduak azkenik ideia bat gauzatzera iritsi ahal izateko bidea planteatzen dueneko dimentsio hori. Espektatiba honek bere izaera behartzen du, teknikaren eta intuizioaren artean, eta proiektatutako ideiaren eta haren eraikitze-fasearen artean sortzen diren erabakiak hartu ahala.
Materialen aukeraketak metodologia horri jarraitu behar zion, eta haien zerrenda mugatu batekin lan egitea erabaki nuen horregatik, materialen ezaugarrien alde oso jakin eta zehatzetan zentratuz.
Ezaugarri horiek, nagusiki malgutasunak, egiteko prozesua baldintzatuko lukete, erotizatzen nauten objektu eta arketipoetan topatzen ditudan elementuei aurre eginez, nigan espasmo irrazional baten antzeko sentsazioa sortzen dutelarik bizitza seinale bezala, pentsatzeko modu instintibo batera hurbilduz. Berau jaio, garatu, transmititu, desagertu, eraldatu eta berragertu egiten da, lengoaiaren trebeziak eta mitologia garaikideen lur emankorrak lagunduta.
Aitortu behar dut, prozesuko momentu batzuetan oso frustragarria gertatu zitzaidala guzti hau, teknikoki sortzen zidan ezinegonagatik, neure buruari nik hartu beharreko lekua zein zen galdetzeko erronka joz: erlazioaren gainean edo azpian, etengabe arreta jarriz nire desiraren eta materialaren bizitzaren arteko negoziazioari. Geroago, edo agian lehenago, beltza dago; patroi bat, kolore bat, erakusketa zeharkatzen duen pertzepzio monokromo bat”.

Karlos Martinez B. (Bilbo, 1982) Durango eta Madril artean bizi da. Historia eta Geografia (UNED) eta Diseinu Grafiko (I.D Arte eta Diseinu Eskola) ikasketak egin ondotik, proiektu ezberdinak garatu ditu. Bere lana honako tokietan erakutsi ditu: Guggenheim Bilbao Museoa, Azkuna Zentroa, Bulegoa Z/B, Rekalde Aretoa, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa, Koldo Mitxelena Kulturunea, Gasteizko Montehermoso Kulturunea, Oteiza Museoa, eta abar.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.