LITERATURA

Amaia Iturbidek “Isiltasunaren Ildoetan” izeneko liburua kaleratu du

Amaia Iturbidek Isiltasunaren Ildoetan (Erein) izeneko liburua kaleratu du. Berak bidalitako ohar batean, lanaren nondik norakoak eman dizkigu: “Poemategi honetan ohi dudan bezalaxe zerbait esan eta adierazi nahi izan dut, kasu honetan isiltasuna gaitzat hartuta. Horretarako, besteak beste, paisaiez eta sinboloez aritzea baliagarria gertatu zait. Niretzat paisaiak bizilekuak izatearekin batera amets egiteko aukerak eta gogo-aldarteak ere badira. Sinboloek testu poetikoa zurkaizten dute, hor daude lainoa (edo gogo-aldartea, zalantza eta jabaldura), zeta (fintasuna eta era berean arroztasuna dena), izarra (edo ametsa eta idealismoa), bihotza (sentimenduen motorra), ortzadarra (lurraren eta zeruaren arteko zubia sinbolizatzen duena) edota ura (askatasunaren ikurra). Horretaz gain, hitz-jokoetan (beraz esanahi-jokoetan ere) murgildu naiz, metaforak erabili ditut hitzei beste zentzu batzuk eman nahian eta paradoxekin aritu naiz ikuspegiak anizteko xedez. Poesiaren bidez ez ezik, artearen ildotik ere tradizioarekin batera abangoardiari keinu egin diot. Idazkerari dagokionean, poliki-poliki matizatuz doan idazkera dudala esan behar dut, marraztuz edo zizelkatuz egongo banintz bezala garatuz doana, hortik, esate baterako, leitmotiven agerpena eta poema batzuk luze samarrak izatea batzuetan. Gaiei dagokienean, pinturari eta musikari tarte zabala utzi diet eta poesiaz ere jardun dut, benetako hitzaz, isiltasun mota bat ere izan daitekeena”.

Liburua lau zatitan banatuta dago: Oihartzunak oroimenean buzeatzen bezala, Arrakalak bide, Bidaia-geldialdietan eta zenbait leku, eta Bizi-espazioak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button