LITERATURA

Etxepare Sariko “Zerua gris dago” obra argitaraturik

Isaak Martinez eta Liébana Goñiren Zerua gris dago obra saritu zuen VII. Etxepare Lehiaketak. Lehiaketan parte hartu zuten 23 lanen artetik Zerua gris dago onena izan zen, eta orain, Pamiela argitaletxeak kaleratu du.

2016ko Etxepare sariaren epaimahaia Patxi Zubizarretak, Mikel Valverdek eta Yolanda Arrietak osatu zuten, eta, haien hitzetan, “Albumean adiskidetasun baten sorrera kontatzen bazaigu ere, generoak eragindako aurreiritzien kontrako aldarri isila eskaintzen zaigu, laguntasunaren aldeko proposamen sotila. Testuaren eta irudiaren —gutxitan bezalako— oreka nabarmendu nahi dugu, apenas aditzik duen testu finaren eta finezia handiz eraikitako paisaia eta pertsonaien artean; ematen du isiltasuna entzun egiten dela, elur giroak koloreak indartu egiten dituela. Zerua gris dago lanak hitz solteak, esaldi laburrak, onomatopeia esanguratsuak eskaintzen dizkigu irakurleoi, orriz orri, irudiak lagun eta erritmo pausatuan, ipuineko bi protagonisten jokoan parte hartzeko.”

Zerua grisa egon arren, elurrez eta koloreetako etxeez inguraturiko istorioa kontatzen du obra honek. Ipuinaren protagonistak bi haur dira, elurraren isiltasunari eta lasaitasunari bizitza ematen diotenak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button