LITERATURA

Philip K Dick-en ipuinak jorratuko dituzte Gasteizko Irakurle Klubean

Iban Zaldua idazleak gidatutako Gasteizko Irakurle Klubean, Meetok argitaletxeak plazaratutako Ordaina aztertuko dute, urriaren 26an, astelehena, Ignacio Aldekoa Kultur Etxean, 20:00etatik aurrera.

Zientzia fikziozko literaturaren maisu Philip K. Dick estatubatuarraren ipuinak biltzen ditu Ordaina liburuak. Aritz Gorrotxategik itzuli du liburua, eta Zaldua bera arduratu da hitzaurreaz.

Gehienbat nobelengatik ezaguna bada ere, Dickek harribitxi ugari idatzi zituen ipuingintzaren generoan. Ipuin horietako batzuk film ezagunen oinarri izan dira; esaterako, Minority Report. Guztira, hamaika narrazio kronologikoki ordenatuta biltzen ditu Ordainak.
Autoreari buruz  Iban Zalduak honakoa esan du: “Ez dut uste Thomas Pynchon, David Foster Wallace, Don DeLillo edo Jonathan Lethemena bezalako obrak, Dickenetik urrun egonda ere —haien hizkuntzarekiko harremanean, batez ere—, guztiz uler daitezkeenik Dick aurretiaz existitu izana kontuan hartu gabe”. 

Aurtengo, Gasteizko Irakurle Kluba urriaren 8an hasi zen Erractus poesia-ekitaldiarekin. Egitarau literarioak ekainaren amaiera arte iraungo du, eta ondoko lanak jorratuko dituzte: azaroaren 26an, Iazko hezurrak (Unai Elorriaga); abenduaren 17an, Muskuiluak afaltzeko (Birgit Venderbeke); urtarrilaren 28an, Dolloway andrea (Virginia Woolf); otsailaren 25ean, Su zelaiak (Mikel Peruarena); martxoaren 17an, Mugaldeko jendea (Joxe Luis Mendez Ferrin); apirilaren 21ean, Beltzuria (Ixiar Rozas); maiatzaren 26an, Mihia aske (Elias Canetti); eta, amaitzeko, ekainaren 30ean, Plazerraren gau ilunekoak (Scott Fitzgerald).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button