LITERATURA

Peru Magdalenak haikuz beteriko “Tantaka” lana plazaratu du

Peru Magdalena idazleak  Tantaka (Balea Zuria) izeneko liburua plazaratu du. Lan horrekin Balea Zuria argitaletxeak Urrezko Saila inauguratu du, formatu txiki eta laburreko testuak biltzeko, haikuak edo aforismoak kasu.

Peru Magdalenak prosa eta poesia tartekatu ditu bere ibilbidean, eta Tantaka bere hirugarren poema-liburua da. Aurretik, Hutsik eta Argia kaleratu ditu.
Tantaka haikuz osatua dago, haikuaren forma eta gaiak zehaztasunez ematen ditu, Matsuo Basho poeta japoniarraren iturritik edanez. Oraingo honetan, “naturaren behaketara emanda jartzen da poeta, une bereziak hitzen bidez harrapatu nahian”.

Liburuak badu beste ezaugarri kurioso bat: karta sorta baten tamaina du, eta orrialdeak banan-banan ken daitezke, nahi adina poema oparitzeko edo hozkailuan zintzilikatzeko, “edota zergatik ez, orrialdeen atzeko aldean oharrak edo poemak idazteko. Alde horretatik, ludikotasuna lantzen duen erabilera anitzeko gailu bat dela esan daiteke”.
Gainera ale bakoitzaren azalean “hainbat tanta daude, eta tanta horiek ezberdinak dira liburu bakoitzean. Alegia, liburu bakoitzaren azala berezia eta ezberdina da, originala. Gainera, CDak bezala, plastikozko bilgarri batekin dator, opari izaera borobiltzeko”.

zaldian noa
ilbeteak gerizpe
hare zurian

mendi erraldoi
noiz bilakatu zinen
bideko harri

iratze landa
arnas egiten duzu
olatu zara

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button