MUSIKA

Bulego taldeak “Erdian Oraina” lehenengo albuma aurkeztuko du bihar

Bulego taldeak Erdian Oraina lehenengo albuma aurkeztuko du kontzertu isil batekin, Bilboko BBK Salako erakusleihoan, Bilboko Kale Nagusiaren bihotzean. Hitzordua azaroaren 27an, larunbatean, 12:30ean izango da, eta kalean dabilen jendeak QR kode batekin, telefono mugikorraren bitartez entzun ahal izango du emanaldia.

Euskal pop boskoteak Erdian Oraina lehenengo albuma oso-osorik joko du aretoko erakusleihoaren barruko aldetik, oinezkoek ikusteko moduan.
Kontzertua primizia izango da, izan ere, abenduaren 3ra arte ez da lan hori kaleratuko.

Bulego 2019. urtean sortu zen Azkoitian, eta pop argia eta dantzagarria egiten du, beren proposamenean musika, estetika eta ikus-entzuleekin konektatzeko modu berriak uztartuta. Makina bat ekimenetan parte hartu ondoren, Erdian Oraina diskoaren birari hasiera emateko kontzertu berezi bat diseinatu dute, 360º esperientzia ikus-entzuleentzat: taldekideak aretoaren erdialdean kokatutako agertoki baten gainean egongo dira, alde guztietatik jendez inguratuta, datorren abenduaren 26an, Donostiako Tabakaleran.

Gogoratu, larunbat honetan, azaroak 27, Bulego taldeak diskoa aurkeztuko du, esklusiban, doako kontzertu isil batean, BBK Salara mugikorra eta entzungailuak hartuta hurbiltzen direnentzat soilik.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button