Jenni Alvarado artistaren Arketipoak erakusketa Durangoko Arte eta Historia Museoan izango da ikusgai martxoaren 17ra arte. Proposamen artistikoan maskarekin eta atzezzoko beste elementu batzuekin jantzitako erretratuak dira, hots, “pertsonak pertsonaia edo arketipo bihurtu dira”.
Artistaren hitzetan azaltzen dira erakusketaren nondik norakoak: “Nire margolanetan esate baterako, maskara gorriak lotsaz edo amorruaz mintzo dira, baina badaude hain argi zehaztu ezin ditudan alderdi inkontzienteen irudikapen sinbolikoak ere.
Nire lanean, material folklorikoen erabilera nabarmentzen da, besteak beste koloretako begiztak, oihal estanpatuak, objektu zeramikoen errepikapena, sokak, kordoiak edo ehun desberdinak. Horrek guzti horrek artefaktu eskultorikoak, maskarak edo kapelak sortzen ditu, geroz eta konplexutasun eta lanketa handiagokoak.
Iaz, Lantzeko inauterietan, nire pertsonaiek inauteri haietako pertsonaia batzuekin lotura handia zutela antzeman ahal izan nuen, batez ere herria ordezkatzen duten Txatxoekin. Harrezkero, kontziente naiz inkontziente kolektiboa zein garrantzitsua den nire pinturari forma ematen dion iruditerian. Horren adibide da kultura herrikoia, gutariko bakoitza osatzen duen ehun ikusgarri eta ikusezin hori.
Halaxe ulertu ahal izan dut intuizioa inkontzientea kontziente bihurtzeko aukera ematen didan keinu bat dela. Keinu hori, kontzeptu gisa, oso presente dago pinturan bertan. Izan ere, hura osatzen duten pintzelkadak azkarrak eta mugimenduz beteak dira. Era berean, begiradak keinu bat dakarrela uste dut, zeinak kontziente bihurtzen baitu begiratzen dudan hori eta inkontziente nirekin datorren eta baden hori, nik ikusi beharrik gabe.”
Jenni Alvarado artistak eskultura, pintura eta bideoa lantzen ditu. Prozesuen garapenean zehar, badago formatu desberdinak batzen dituen leku komun bat, eta, bertan, pintura da esanguratsuena. Arte Ederretan lizentziatua da, eta bere proiektu artistikoak batez ere marrazketa eta pinturaren inguruan kokatu dira. Hala ere, azken urteetan, eskulturak eta bideoak geroz eta presentzia handiagoa hartu dute.
Ekoizpen artistikoko bi beka jaso zituen 2019an eta 2020an: Bizkaiko Aldundiko arte plastikoen eta ikusizkoen ekoizpen beka, Objeto ritual proiektuarekin, eta BilbaoArteren hiruhilekoko ekoizpen artistikoko beka, Falso Totem proiektuarekin.
2022an, hainbat erakusketa egin zituen arte galeria eta erakusketa aretoetan, besteak beste Basen (Bilbo), Javier Silvan (Valladolid), edo Portalean (Eibar). 2023an, bi erakusketa egin zituen, bata bakarka, berriz ere Valladolideko Javier Silva galerian, eta bestea Luzuriaga herriko eliza gotikoan.