MUSIKA

Muguruzaren bira Tolosan amaituko da

Tolosako Bonbereneak urtero antolatzen duen Bonberenea Sutan jaialdia abuztuaren 31n egingo da, eta Fermin Muguruza eta Kontrakantxak bertan amaituko dute No More Tour 2013 izeneko bira. Bad Sound System, Anai Arrebak, Zuloak eta Ziribulio Sound taldeek osatuko dute kartela.

Jaialdia Bonbero futbol zelaian izango da, eta ateak 19:00etan irekiko dituzte. Lehenengo taldea, halaber, 20:00etan hasiko da.

Sei urte egon da Muguruza birarik egin gabe, baina aurten No More Tour 2013 bira abiatu du, eta munduko hainbat herrialdetan izan da, tartean, Palestina, Alemania, Argentina, AEB eta Kanada. Bira berezia izan da laster amaitzear dagoen hori. Izan ere, irunekoak 50 urte bete ditu aurten eta 30 urteko ibilbidea burutu du.

Gainerako taldeei dagokienez, Anai Arrebak gipuzkoarrek rock dantzagarria jotzen dute; Zuloak Fermin Muguruzak abiatutako dokumental homonimoa antzeztu duen taldea da; eta Bad Sound System Irun aldeko hip-hop taldea da. Rap zaleen azken diskoa, Aldaketa, Bonberena Ekintzak-ek argitaratu du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button