EZLEKUBAT

“Kiribil”, Zura-ren bigarren diskoa

Hondarribiko gitarra jotzailea den Xabi Strubellek (DUT eta Anari) Zura bere proiektu pertsonalaren lana berria izango du kalean laster. Bertan, rock eta funk tradizioek  Brasileko samba eta bossarekin bat egiten dute. Euskara diskoko hizkuntza nagusia da. Hortaz, Kiribil diskoa euskaraz eginiko bossanova diskoa da dela esan daiteke, bossa berritzailea, tradizio ezberdinetatik edaten duena.

Honako musikari hauek osatzen dute egun Zura: Xabi Strubell (gitarra eta ahotsa), Nerea Olaxa (ahotsa) eta Diego Garcia (bateria). Zuzenekoetan, halaber, Gorka Sesma (Kashbad taldeko gitarra jotzaile ohia) eta Hans gehitzen zaie. Horrez gain diskoaren grabazioan hainbat euskal musikari ezagunek esku hartu dute: Eñaut Elorrieta (Ken Zazpi), Inese (Gose), Anari eta Sorkunek. Horiez gain, Sabina Leon, Suizako Wemean taldeko kidea ere estudioan izan da.

Strubellekin jarri gara harremanetan diskoaren inguruan dituen sentsazioen berri izateko.

Bigarren pausua: Kiribil Zura egitasmoaren bigarren diskoa euskaraz egindako bossanova lana da: iturri desberdinetatik edaten duen bossanova berritzaileko diskoa. Bertan, rocka eta funkaren tradizioa, brasildar samba eta bossarekin nahasten dira, uztarketa ederrean. Oro har, harmoniak eta erritmoak brasildar kutsukoak dira, euskara bihurtzen delarik hitzen hizkuntza nagusi. Ikuspuntu berritzaile batetik landutako Bossa da beraz, diskoaren muina”.

Sentipen eztiak: “Hitzen mailan, Kiribil diskoan maitasuna, itxaropena eta sentimendu goxoak lantzen dira. Hitzak, kantuak bezala, Xabi Strubellenak dira, Joseba Sarrionandiaren portugesezko poema bati tokia egiten diotelarik, Propostas para odefiniçao do exilio. Gainera, badira portugesezko beste kanta bat eta italierazko beste bat, Strubellen hitzekin”.

Bossanova geureratu: “Diskoa estilistikoki kokatzekotan, batetik Brasilen sortzen ari diren musika ildo berriei so egin behar diegu. Bossanova eta brasildar musika herrikoia berritu eta eguneratu duten esperientzien ildotik dabil Zura: Fernanda Porto, Bebel Gilberto edota Moreno Veloso+2 taldeen ildotik. Bestaldetik, Kiribil diskoan badira rock, funk, soul eta jazz ukituak, Zuraren estilo pertsonaletik landuak. Hortaz, diskoan aurkituko ditugu, batetik, mundu mailako kultur trukaketa bati erantzuten dion ildo bat, eta bestetik, euskal musika eszenaren garapenari lot dakiokeen ildoa”.

Oholtzan: “Zuzeneko biratxo bat egingo dugu, diskoa aurkezteko. Horra datak: urriak 18, Oiartzun, Iurrita gaztetxean; azaroak 8, Beasain, gaztetxean; azaroak 14, Durango, Plateruenan Pettirekin; azaroak 27 Iruñea, UPNAko kafetegian”.


Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button