
Bihar, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren Eztabaidak literaturarekin ekimenaren barruan, Patxi Zubizarreta eta Miren Agur Meabe idazleak arituko dira Euskal Literatura nora zoaz? gaiaren inguruan. Ekimena 19:30etan izango da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, eta Juanra Madariaga idazle eta kazetariak, Nontzeberri kultur atariko arduradunak, moderatuko du.
Jende aurreko solasaldien bitartez, literaturako hainbat puntuz eztabaidatzen da Eztabaidak literaturarekin ekimenean. Biharko saioan batuko diren adituak euskaraz idatzitako literatura norantz doan argitzen ahaleginduko dira. Horretarako krisi ekonomikoak kulturan eta literaturaren sorkuntzan izan duen eraginari, euskaraz egiten den literaturari aurreikusten dioten etorkizunari, Euskal Herritik kanpo bide berriak zabaltzeko aukerarik ote dagoen, edo euskaraz egindako testuak merkaturatzeko dauden zailtasunei buruzko galderak planteatuko dira.
Patxi Zubizarreta (Ordizia, 1964) Euskal Filologian Lizentziatu zen, eta bere lan gehiena umeei eta gazteei zuzenduta egon da. Hainbat sari lortu ditu, Xabier Lizardi (1991), Baporea (1993), Antonio Maria Labaien (1997), Euskadi Saria (1997), edo Ignacio Aldecoa (2002).
Miren Agur Meabe (Lekeitio, 1962) poetari dagokionez, Irakaskuntzan diplomatua eta Euskal Filologian lizentziatua da. Sari asko irabazi ditu, tartean Kritikaren Saria eta Euskadi Saria. Bere lanak arrakastatsuak izaten dira beti.



