MUSIKA

“Open Rock Gaua” jaialdia Donostian

Red Ribbon Music agentziak Open Rock Gaua jaialdiaren hirugarren edizioa egingo du urtarrilaren 30ean, Donostiako Larratxo Kultur Etxean; guztira, lau rock-and-roll banda izango dira agertokian: The Fleshtones (AEB, garage-rock); Steak (Ingalaterra, stoner); The Lookers (Euskal Herria, garage-rock); eta, amaitzeko Octopussys (Euskal Herria, punk rock).

The Fleshtones da karteleko izenik azpimarragarriena, batez ere New Yorkekoek egin duten ibilbide luzeagatik: izan ere, 1976. urtean eratu zen taldea, CBGB punk-areto mitikoaren inguruan sortu zen mugimendu musikalaren baitan. Ez hori bakarrik, 1977an The Cramps taldearekin partekatzen zuten entseatzeko lokala.

New Yorkekoen soinua 50eko hamarkadako rock-and-roll klasikoan eta 60ko urteetako garage-rockean sustraitua dago, eta euren kontzertuak festa itzelak izaten dira: taldea, sarritan, agertokitik jaisten da, aretotik atera, eta jotzeari utzi barik, kalean aritzen da ikus-entzulez inguratuta.

1982an argitaratu zuten euren lehenengo diskoa, Roman Gods (IRS), eta harrezkeroztik, milaka kontzertu egin eta dozenaka disko argitaratu dituzte, azkena aurten, Wheel Of Talent (Yep Roc).

Gainerako taldeei dagokienez, Steak ingelesek 90eko urteetan mundu osoan zabaldu zen stoner izeneko rock estilo pisutsua jorratzen du. Euskal ordezkariak, berriz, Ziburuko The Loorkers garage-rock zaleak eta Bilboko Octopussys punk-rock piztiak izango dira.

Emanaldia 20:30ean hasiko da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button